www.franckdolosor.com berriketaria reporter journaliste periodista
www.franckdolosor.com  berriketaria  reporter   journaliste  periodista

 

   Ipar Euskal Herria hauteskunde kanpainan murgildua dago ekainaren 20 eta 27an Akitania Berria eskualdeko asanblea eta Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseilua berrituko direlako.


   Tokiko hauteskundeak izan arren garrantzi handikoak dira:


-eskumen asko beren eskuetan dagoelako;


-urtebete baino gutxiago falta baita hauteskunde presidentzialak eta legegileak ospatzeko Frantzian 2022ko udaberrian.
   Test handia izanen da beraz Emmanuel Macron errepublikako presidentea eta "Errepublika Martxan" bere mugimenduarentzat.


-Akitania Berria eskualdeko hauteskundeen emaitzek ondorio zuzena izan dezakete Euskal Y proiektuarentzat, gaur egun EAEn egiten den inbertsio handienarentzat. Irundik iparraldera nolako konexioa izanen den Akitania Berria eskualdeko kontseiluaren esku dago, hein batean.


-Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen osaketan ere ondorioak daude. Hendaian kokatua den erakundeak mugaz gaindiko proiektuak eta formakuntzak sustatzen ditu.

 
   Akitania Berria Frantziako estatuko eskualde zabalena da Hendaiatik Futuroscope parkeraino (Poitiers) hedatzen baita eta sei milioi biztanle biltzen dituelako.

   Bordelen dagoen eskualdeko kontseiluak 183 ordezkari biltzen ditu garapen ekonomikoa, hurbileko garraio publikoak,  formakuntza profesionala, lizeoak eta ikerketa sustatzeko, besteak beste. Aurrekontua: 3 200 mila milioi euro.

   Aeronautika, nekazaritza, arnogintza eta turismoak pizu handia daukate.

   Akitania Berria eskualdeko hauteskundeetan zortzi zerrenda lehiatuko dira aurten.
    Alain Rousset gaur egungo presidente sozialistak (70 urte) bere burua berriz aurkeztu du bosgarren legealdian agintzeko asmoarekin.


   Aburu ikerketen faboritoa da bai baina hurbil hurbil dauka eskuin muturra. Inork ez badu gehiengorik lortzen hautagai bozkatuenek bigarren itzulia egin beharko dute.


IFOP sondeoa:
Alain Rousset (Alderdi Sozialista) %25
Edwige Diaz (Rassemblement National) %24
Geneviève Darrieussecq (Errepublika Martxan) %19
Nicolas Florian (Errepublikarrak) %14
Nicolas Thierry (Berdeak) %11
Clémence Guetté (France Insoumise) %5
Eddie Puyjalon (Mouvement ruralité) %3
Guillaume Perchet (Lutte Ouvrière) %1

 

   Hautagaien artean euskal ordezkariak daude, besteak beste, PS zerrendan Mathieu Bergé Baionako zinegotzia, Frédérique Espagnac senataria, Andde Sainte Marie independentea-Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia. Darrieussecqen zerrendan: Kanboko alkatea eta Yves Ugalde Baionako kultura alkate ordea. Eskuindarren artean, Maider Arosteguy Miarritzeko alkatea eta Sylvie Durruty Baionako lehen alkate ordea. Ekologisten taldean Sophie Bussière abokatu lapurtarra, Tote Elizondo laborari urruñarra eta Alice Leiciagueçahar, gaur egungo eskualdeko kontseilaria.

******************************************************

Pirinio Atlantikoak:


   Frantziako estatuko departamendu honek Lapurdi, Baxenabarre, Zuberoa eta Biarnoa lotzen ditu. Hiriburua: Paue.
 

650 000 herritar inguru, 312 000 Ipar Euskal Herrian.
 

Departamenduko kontseiluak 825 milioi euroren aurrekontua du eta ia bi heren arlo sozialari ematen du gizarte gaiak kudeatzea baita bere lehentasuna.
 

Departamenduko kontseiluak jende nagusia, elbarrituak eta haurrei zuzendutako laguntzak banatzen ditu.
 

Udalak laguntzeaz gain, kolegio publikoak, su hiltzaileen zerbitzuak, eta turismoaren sustatzea kudeatzen ditu ere  260 langile publikorekin.

Zuntz optikoa ezartzen ari da lurralde osoan.

Mugaz gaindiko elkarlana egiten du ere Gipuzkoako Foru Aldundia, Nafarroako Gobernua eta Aragoiarekin. (Gizarte gaiak eta larrialdi zerbitzuak).

   Pirinio Atlantikoetako departamendua 27 kantonamendutan zatituta dago, horietatik hamabi Ipar Euskal Herrian daude.


Barruti bakoitzak 25-30 000 biztanle dauzka.


Kantonamendu bakoitzean laukote bat aukeratzen da:
Pauen dagoen departamenduko kontseilura joanen diren gizon eta emazte bat, eta joan edo hilko balira haiek ordezkatuko lituzketen bi ordezkari, hauek ere gizon bat eta emazte bat. Helburua da berdintasunaren errespetatzea maila eta egoera guztietan.

27 kantonamenduek 54 ordezkari izendatzen dituzte.
Ipar Euskal Herriko 12 kantonamenduetan 24 ordezkari hautatzen dira beraz.

Alderdietako kideek edo independenteek aurkezten dute beren burua.

   Jean Jacques Lasserre gaur egungo presidente zentrista (Modem) hautagaia da berriz (77 urte) eta bere inguruan hainbat hautagaitza aurkeztu da ere kantonamendu desberdinetan. Hautagaitza horietan bildu dira Modem, Errepublika Martxan-La République en Marche eta Errepublikarrak-Les Républicains bezalako alderdietako kideak, eta zenbait independente.

   Ezkerra gaur egungo gehiengoaren alternatiba da. Alderdi sozialista, Berdeak eta Komunistak zatituta aurkezten dira gehienetan lehen itzulian eta aliantzak lortu ohi dituzte bigarrenerako.

   EH Bai ezker abertzalearen koalizioak hautagaiak aurkeztu ditu aurten ere kantonamendu guztietan. 2015ean emaitza onak lortu zituen eta lehen aldiz 12 kantonamenduetatik bostetan bigarren itzulira sailkatzea erdietsi zuen. Bigarren itzulian, ezkerraren boto gehienak eskuratu zituen.

   Eskuin muturrak ere gorakada handia izan du azken urteetan Ipar Euskal Herrian ere, eta aldi honetan hautagaiak aurkeztu dituzte 11 kantonamendutan.

   Lehen itzulian inork ez badu botoen erdia lortzen, zentsoaren %12,5 gainditu duten hautagai guztiak berriro lehiatu ahal izanen dirabigarren itzulian.

Oharra:
-Abstentzio handia dagoenean oso gutxik lortzen dute bigarren itzulira igarotzea. 
-Kantonamendu bakoitza "mundu" ezberdina da. Hautagai nagusiek ideia berak jarraitzen dituzte oro har baina batzuk eta besteen perfilek eta inplantazioak asko baldintzatzen dute behin betiko emaitza.
 
 
    Enplegua, etxebizitza, hezkuntza eta mugikortasuna dira herritarren kezka nagusiak. Etxebizita duina lortzeko arazoa ez da berria baina tentsioa asko handitu da pandemia garaian dena geldirik zegoelarik prezioek etengabe igotzen segitu dutelako.
 
*****************************************************
 
 
   Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoak eta María Chivite Nafarroa Garaiko presidenteak elkarrekin Esnazun egindako mugaz gaindiko topaketan lankidetza bosgarren hitzarmenaren izenpetzean

    Lagun onekin orenak labur !