Estitxu kantari zenaren aipamenek erreakzio soka luzea sortzen dute beti. 2018ko otsailean mende laurdena bete zen bere ahotsa betirako isildu zela. Halere, milaka euskaltzale eta musikazalek gogoan dute beti "Beskoitzeko errexiñola". 2017ko martxoaren 8an, Estitxu izena eman zioten Baionako karrika bati. Lapurdiko hiriburuko auzapez eta Iparraldeko elkargoaren presidenteak hamarnaka mezu jaso zituen orduan erabaki hori eskertzeko. Prentsan agertu ziren aipamenek ere sekulan ez bezalako eskertza jaso zuten. Seaskak Baionan duen kolegio berriari Estitxu izena eman diote. Bilbon ere karrika bat eskaini diote. Estitxuren aipamenak ustegabeak pizten ditu beti.
Zergatik? Estitxu hoberenetakoa izan baitzen eta oraindik bizirik baitago askoren bihotzean...Euskal kantu berriaren sortzaile eta kultura berpiztearen eragile nagusienetarik bat izan zen umore haundiko artista.
"Eduki dugun abeslari onena eta osoena izan zen. Bazekien ahotsa nola erabili. Ahots sanoa zeukan inork ez bezala. Fintasun bat, ze gauza! Disfrutatzekoa!" Pello Zabala frantziskotarra eta musika aditua.
"Maite nuen elkarrekin hasi baikinen eta izugarria baitzen. Euskal herriko ahots ederrenetakoa zen berea. Estilo oso pertsonala zuen, bizitasun bereziarekin. Hurbila, ahots eder bezain naturala. Roblestarrak familia eredugarria da"
Maite Idirin, abeslaria
"Egon den ahots galantenetarikoa izan zen Estitxurena, lirikoa. Bere diskoak gordetzen ditut. Bere hiletan egon nintzen Begoñan"
Gontzal Mendibil, abeslaria
"Gutxik kantatzen zuten horren ondo! Ahots errekurtso guztiak zeuzkan eta lantzen zituen ondo aritzeko."
Antton Valverde, abeslaria
"Oso naturala zen, autentikoa, artifizio gutxikoa. Miresten nuen arriskatu baitzuen, horregatik jipoitu zuten. Familian denak egile eta sortzaileak dira, irudimen handikoak denak. Behin baino gehiagotan topo egin genuen kontzertuetan. "Agur Maria" bere kanturik ezaguna abestu izan dut nik ere bai"
Amaia Zubiria, abeslaria
"Oroitzapen berezia daukat hari esker hasi bainitzen Bilbon kantatzen hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran jaietan ospatzen ziren Estitxu gaualdietan. Hiru urtez jarraian elkarrekin joan ginen Bilbora"
Erramun Martikorena, abeslaria
"Ahots desberdina zeukan, goxoa, oso berezia, ez arrunta. Bere kantuak asko erabili ditugu "Bakarrik" adibidez. Eragina izan zuen nire ibilbidean, gogoangarria zalantzarik gabe"
Xabier Saldias, abeslaria
"Erreferentzia izango da beti. Antiguo auzoan gurasoek sortu zuten ikastolan bere abestiak entzunarazten zizkiguten. Preziorik ez daukan altxorra da. Baliteke eragina izatea gero nire ibilbidean. Oroitzapen oso onak dauzkat"
Maria Eugenia Etxeberria, abeslaria
"Ez genuen topo egin ni kantuan hasi baino lehen hil baitzen. Halere maite izan dut beti eta erreferentzia bat da. Roblestarrek jakin izan dituzte euskal herrialdeak lotzen"
Mikel Markez, abeslaria
"Disko bat grabatu genuen elkarrekin. Kantari handia zen, hunkigarria, ahots benetan ederra. Artista bere familia osoa bezala. Irringarria zen ere eta lana beti umore onean egiten zen harekin!"
Michel Ducau, musikaria
Gainerat, musika mundutik haratago ere aipamen bereziak jaso zituen Estitxuk. Henri eta Jean Grenet, aita semeak, Baionako alkate eta diputatu izandakoek asko estimatzen zuten eta zirujauak zirenez Estitxuren musika ezartzen zuten beti giro lasaia sortzeko ebakuntzak egiten zituztelarik Lapurdiko hiriburuko erietxeetan. Adiskidetasun handia izan zuen, halaber, Arrantzaleak gizon taldearekin eta gira bat eman zuten elkarrekin Ameriketako Estatu Batuetan.
Nor zen?
Estibaliz Robles Aranguiz, Beskoitzen (Lapurdi) sortu zen 1944ko ekainaren 6an, Normandiako desenbarkoaren egunean Munduko Bigarren Gerra garaian. Robles Aranguiz familian 11 haurrideen artean gazteena zen. Bilbon hil zen eritasun batengatik 48 urte besterik ez zituelarik.
Estitxu kantari aintzindaria izan zen gitarrarekin bakarlari moduan kantatzen baitzuen euskaraz eta gaztelaniaz. Euskarazko sorkuntzak eta kanpoko obrak erdaraz edo euskaratuta musikatzen zituen.
Hirurogeiko hamarkadaren bukaeran hainbat musika lehiaketa irabazi zituen Bilbo eta Eibarren, adibidez. Ibilaldi oparoa egin zuen ere Venezuela eta Mexikon arrakasta handia lortuz bertako telebista eta kantaldietan. Frantziako telebista saio ospetsuenetan ere behin baino gehiagotan agertu zen euskaraz kantatuz.
Urte batzuen isilaldiaren ondotik taulen gainerat itzultzea erabaki zuen eta kantaldia eskaini zuen Irunen 1993ko otsailean. Egun batzuen buruan Basurtuko erietxean hil zen gaixotasun larri eta luzeak jota.
Nahiz eta mende laurdena iragan den, Estitxu "bizirik" dago eta bada garaia zor zaion aitortza emateko, iruditan, solasean eta kantuz nola ez...
Aupa Estitxu!!!
Estitxu dokumentalaren proiekzio publikoak:
Hazparnen, 2019ko martxoaren 28an, 20:30, Haritz Barne zineman
Miarritzen, 2018ko urriak 4, 18h00 mediatekan
Guardian (Arabako Errioxa), 2018ko abuztuak 9, 20h00 Urmael zeltiberiarra
Urdiñarben, 2018ko maiatzak 18, 21h00 Xixtera ostatuan
Hendaian, 2018ko martxoak 10, 17h00 Asporotsttipi, Erlaitzeko etxean
Donostian, 2018ko martxoak 8, 19h Koldo Mitxelena aretoan
Elizondon, 2018ko martxoak 7, 19h00 Arizkunenean
ETB1, 2018ko otsailak 24, 21h00
Anoetan, 2018ko otsailak 20, 18h30 Auditorioan
Baionan, 2018ko otsailak 7, 19h30 Euskal Museoan
Alduden, 2018ko urtarrilak 28, 16h zineman
Beskoitzen, 2018ko urtarrilak 27, 17h Bixintxo gelan
Durangoko azoka, 2017ko abendoak 6, 13h
Senpere, 2017ko azaroak 29, 19h30 Larreko aretoan
Bilbon, 2017ko azaroak 15, 20h BBK aretoan ZINEBI jaialdian
Dokumentala ikusteko: