Abdelkader emirraren pastorala igandean estrenatuko dute
Erdi arotik datorren euskal antzerki nazionalak ez ohiko etenaldia jasan zuen iaz pandemiarengatik, baina zuberotarrek amore ematen ez dutenez, joan den urtean erakutsi behar zuten lana
datorren igandean estrenatuko dute. Ürrüstoi Larrabile, Ezpeize Ündüreine, Sarrikota Pea eta Ainharbeko herritarrek lau emanaldi eskainiko dituzte Ürrüstoiko pilota plazan, Anton Abadiaren
sortetxetik bi urratsetan eta Jean Louis Davant pastoralaren idazlearen herrian. "Abdelkader ibn Muhieddine emirra (1808-1883) arabo musulmanen Gandhi bezalakoa izan zen eta guretzat Indiakoa baino
hurbilagoa" dio Davant euskaltzainak.
"Saindu bat izan zen eta katolikoa izan balitz kanonizatuko zuten. Nahiz eta bakezalea eta erlijio gizona izan, garai bihurriak bizitzea egokitu zitzaion Frantziako armadari buru egin behar izan baitzion hamabost urtez haren herrialdea konkistatu nahi izan zuelarik. Aljeriaren erdia baino gehiago gobernatzea eta okupatzailearekin ituna egitea lortu zuen ere". Dena den, Frantziak hitza jan zuenez lau urtez preso egon zen eta horietatik sei hilabete igaro zituen Paueko erregeen jauregian, Zuberotik hurbil.
Enperadore izan baino lehen, Bonaparte hirugarrena, orduko errepublikaren presidenteak askatasuna eman zion Abdelkaderri eta Siriara joan ahal izan zen. "Frantzia eta kristauekin adiskidetu zen orduan. Damaskon jihad bat izan zen kristauen kontra eta milaka salbatu zituenez ospe handia lortu zuen. Bi bizi bezala izan zituen. Guda utzi ondoren, erlijio bizitzara itzuli zen otoitz eginez eta asko idatziz, batik bat olerkiak eta filosofia lanak" azpi marratzen du Davant historialari zuberotarrak. Aljeriako bigarren gerla bururatzean Albdelkaderren gorpuzkinak Damaskotik bere sorterrirat eraman zituzten.
Abdelkader emirra eta bere aldekoak ate urdinetik aterako dira eta frantsesak gorritik, turkoen ohiko atetik. "Euskal Herritik kanpo ere gizon emazte haundiak egon dira" oharatarazi du Battitta Berrogain errejenta edo taula zuzendariak. Aurten, 70 aktore, 15 dantzari eta 12 haur zuzentzea egokitu zaio Berrogaini. "Ez dugu batere arrangurarik protagonista ez baita euskalduna. Askatasunaren aldeko borroka egin zuenez loturarik badu ere Euskal Herriarekin" zehaztu du Luxi Camus Etxekopar aktore eta kantariak. "Gure pastoralan Aljeriako lehen eta bigarren gerlak aipatzen ditugu eta bigarrenean Ipar Euskal Herriko milaka gizonek parte hartu behar izan zuten, horien artean Jean Louis Davant berak.
Ehun bat euskaldun hil ziren eta horietatik hogeita bi zuberotarrak ziren, beren izenak Itsasun dagoen oroitarrian irakurri litezke" argitu du Thomas
Erguy pastoralaren aktore eta antolatzaileak.
"Euskal heroiak ohoratu behar ditugu baina noiztenka arrotz famatuak ere bai" iduritzen zaio Davant aurtengo pastoralaren idazleari.
"Gure historia euskaldunak dauden toki guzietara hedatzen da, ez bakarrik Euskal Herrian. Etxahun Irurik euskal heroiak sartu zituen trajerian baina bere lanen artean Gaztelako Ximena dago ere. Heroi unibertsalera itzuli nintzen René Cassin pastoralarekin eta tradizio luze horretan kokatzen naiz" argitu du Davantek. "Gixtino eta musulmanen arteko elkarrizketaz ari gara, bakearen aldeko gakoa da. Ez dut ikusten zergatik elkar gudukatu behar genuken kasik ber erlijioa dugulako: Jesusek leku haundia du Koran liburuan. Haiek ez dute jainkotzat hartzen profetatzat baizik". Hori inork ez duela sekula azpimarratzen deitoratzen du zuberotarrak.
Ekarpen kulturalaz gain, Euskal Herriko lurralde txikieneko herritarren arteko harremanak sendotzeko balio dute ere pastoralek. "Alimaleko eragina du, entsaioak egiten direlarik, ikusgarri egunetan eta ondotik ere bai, baina hori sentitzeko hemen bizi behar da" uste du Davantek. "Euskara eremu publikotik atera zuten, baina pastoralak eta maskaradarekin, publikoan agertzeko abagune bakarrenetakoa da". Herritarren arteko harremanak sendotzea beharrezkoa ikusten du Battitta Berrogain errejentak ere, aurten bereziki.
"Igandero egin ohi ditugun entsaioek indarra ematen digute aste osoarentzat. Euskara eta testu eder baten inguruan biltzea garrantzitsua da" dio irriz Luxi
Camus Etxekoparrek. "Guk maite dugu Davant idazlea eta historia hori nahi izan du ezagutarazi bihotzean baitu. Nik pastoraletan historia ikasten dut eskoletan gutxi aipatu zigutelako eta orduan ez
genuelako batere maite" gaineratu du Denise Challa aktoreak.
Iazko udaberrian hamar bat entsaio egin zituzten baina itxialdiarengatik prestaketa guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten. Aurten ere zailtasunik
izan dute gaitzaren agerraldi batzuengatik eta ez ohiko neurriengatik. "Lan talde osoak borondate ona dauka. Izigarri ejer düzü mustrakak ikustea, plazer handi batekin gozatu dugu" dio Maylis Fordin
ehunka jantzi prestatu dituen jostunak. Sophie Larrandaburu barkoxtarrak koroak zuzendu ditu melodiak sortuz eta bizpahiru arteko ahotsen arteko harmoniak egokituz. "Kantarien ahotsak josten ditugu
bakarka, binaka edo talde handian ari gara eta".
Abdelkader pastorala lau aldiz eskainiko dute Ürrüstoiko pilota plazan, 15h30 uztailak 25, abuztuak 1 eta 8 eta uztailaren 30ean 20:30. Emanaldi bakoitzean txertatze osoaren osasun ziurtagiria edo PCR negatiboa erakutsiko duten mila ikusle hartu ahal izanen dituzte.