www.franckdolosor.com berriketaria reporter journaliste periodista
www.franckdolosor.com  berriketaria  reporter   journaliste  periodista
Jakes Casaubon, Jean Ithourria, Auger Ibarra, Jean Pierre Soudre, Joseph Çuburu, Franck Dolosor, Teresita Ibarra, Aña Dolosor, Fifine Arribillaga eta Mayi Borthaire

Senperetik Senpererat...

begirada bat hogoigarren mendeari (ELKAR)

 

Adineko hemezortzi senpertarren oroitzapen bilduma Franck Dolosor Haltza izena, deitura eta izengoitiarekin sinatu zuen egileak. Kazetari lapurtarrak Haltza izengoitia hartu zuen Jean Pierre Dolosor Mattin Haltza aitatxi zena ohoratzeko. Idazleak istorio frango jakin du aitatxiren ahotik, bainan ez da sekulan menturatu elkarrizketatzera. Toki zabala merezi zukeen, alta, “Senperetik Senpererat” liburuan.

 

   Hogoigarren mendea aldaketaren mendea izan da. Ehun urtez, Euskal Herri osoa bezala Senpere ere arrunt aldatu da bizimoduetan, lan egiteko moldeetan eta jendeen arteko harremanetan. Mende hastapeneko eta hondarreko bi Senperek eite guti dute.

 

   Adin haundiko senpertarrek lehemisiko autoak ibiltzen ikusi dituzte eta urte batzuen buruan gizona ilargirat joan den eguneko lekukoak izan dira. Lehen, oinez ibili behar zuten beti eta orain eskuko telefona mugikorrak ditugu denek sakelean Senpereko edozoin tokitik planeta osoarekin mintzatzeko.

 

   Hogoigarren gizaldi hastapenean sortu diren senpertarrek bi bizi izan dituzte, molde batez heziak eta prestatuak izan baitira eta, pittaka pittaka, bertze bizimodu arras desberdinean sartu eta murgildu direlakoz.

 

Oroitzapenak eta lekukotasunak

 

   Senperetik Senpererat liburuan ez da iragana goraipatzen bainan aintzinekoen bizi modua nolakoa izan den ezagutarazi nahi da. Ez da gertakari historikoen aipamenari mugatzen. Herritarrek berek, emazteek eta gizonek, aldaketa sakon guzi horiek nola bizi izan dituzten erakutsi nahi da.

 

   Senpereko herritar xaharrenen oroitzapenak, gogoetak eta sentimenduak obra hunen ardatz nagusiak dira. Lekukotasun bilduma hunen bitartez jakinen duzue, edo oroituko zaizte, duela urte batzu arnoa eta eztia egiten zirela kasik etxe guzietan, haur batzu lanean hasten zirela zazpi urtetan eta ogi jotzeak Senpereko bestak baino haundiagoak zirela!

 

   Sar zaitezte Senpereko eta senpertarren historia hurbilean. Jakin ezazue hogoigarren mendean Europan berean gertatu diren gatazka armatuek nolako ondorioak izan dituzten gure arbasoengan. Ezagutu itzazue desagertu diren eta galtzen ari diren lanbideak, ohitura xaharrak eta bertsuak. Ikas ezazue osasuna nola zaindu daiteken landareeri esker.

 

Gure arbasoak

 

      Senperetik Senpererat liburua historia xaharrez josia eta betea da. Halere, ez da historia hain urruna. Liburu huntan ez da tokirik nostalgiarentzat. Bainan norabait gateko jakin behar da lehenik nundik heldu garen. Munduan toki bat badugu nor garen eta zer garen baldin badakigu. Gure eskuak urrun gaten ahal dira, lehenik zangoak ongi kokatuak baditugu lurrean.

 

   Interneten garai huntan mundu osoaren berri badugu nahi den momentuan. Eta denbora berean, herritarrak eta auzokoak gero eta urrunago dauzkagu. Interneti ostikorik eman nahi gabe, liburu hunek eskuak zabaltzen diozka auzokoari, senpertarrari.

 

   Etxez etxe ibiltzean nahi izan dut jakin herritarrek berek nola bizi izan dituzten aldaketa haundiak eta zer senditu duten gertakari ainitzen aintzinean. Aldaketak, eta gertakari latzak: zonbat gerla ez da izan urte gutitan? Munduko lehen gerla, Espainiako gerla zibila, Munduko bigarren gerla, Aljeriakoa eta Indotxinakoa.

 

Gerlak, eta beren ondorioak

 

   Senpertarrak ere bortizki hunkituak izan dira gerla guzi horietan. Gainerat, herritar batzuek kolpeak jasan dituzte aldi guziz, bainan halere, holakoak erraten dituzte gaur:

 

“Memoria atxiki behar da bainan ez borondate tzarra. Ez za harekin ainitz abantzatzen”                                                                                       Hogoigarren mendea, aldaketen garaia izan da. Mundu batetik bertze mundu baterat pasatu dira senpertarrak ere:            

   “Guk gue denboran ikusi duu sanjamendu haundia, izigarria! Gazteek erraten dute:                                                                                                                -Ez da fitsik itekoik etxian! Guk ez ginuen holakoik erraten. Holako sanjamendu ez du izain berriz jendiak. Usatu ga pobreki, ez duu niar in miseriaikin bainan beti sinple sinplia. Hola zen"                                                 

Berriemaile atsegin bezain zintzoak

 

   Liburuan, hemezortzi lagun mintzatzen dira: bederatzi emazte eta bederatzi gizon. Denak Senperen sortu dira hiru salbu: bi nafarrak dira, bainan ongi ordezkatzen dute Lapurdin finkatua eta integratua den nafar multzoa, eta bertze bat baxe-nafarra da. Ongi ezagutzen du herria oihan zain eta hautetsi ohia izateaz gain, senpertar batekin ezkondua izan baita!                                                                       

   Zuek ere zatozte gurekin eta ibil zaitezte, denboran gaindi, Senperetik Senperat...

 

                               ********************

 

Liburua erosteko:http://www.elkar.com/eu/bilaketa/dolosor

Erreportaia liburuaz France3 telebistan:

https://www.youtube.com/watch?v=ey27_u8rP9o&t=254s

Berriketariaren zoriona: Auger Ibarra Mikelunako nagusi zena bezalako lagunekin solas egitea!

    Lagun onekin orenak labur !