www.franckdolosor.com berriketaria reporter journaliste periodista
www.franckdolosor.com  berriketaria  reporter   journaliste  periodista

 

   “No es no” kantuz baina ozen ezetz, ezetz dela diote Anne Etchegoyen kantariak eta Itziar Ituño aktoreak. Nafarroa Behera eta Bizkaiko bi artistek duo bat grabatu dute Elkar diskoetxeak Donostian duen estudioan. Askoren gogoan eta belarrian ibiliko den melodia Emazte diskoan agertzen da, 2020eko otsailean Anne Etchegoyenek aurkeztu duen zazpigarren albumean. Estudiora sartzean urduri zegoen La Casa de Papel telesailari esker mundu osoan ospetsu bilakatu den aktorea.

   “Aktorea naiz eta lotsa apur bat ematen dit baina baikorra da Ipar eta Hegoaldeko artistak elkartzea, are gehiago emakumeen eskubideen aldeko lan batentzat baldin bada” argitu du Ituñok. Musika tresna ona da hainbat mezu hedatzeko aktorearen arabera. Itziar Ituño eta Anne Etchegoyenek kasualitatez ezagutu dute elkar, Joanes Anduetza komunikazio aditu eta arduradunari esker. “Baionan argazki saila atera genuen Joanesekin hiria ezagutarazteko sare sozialetan. Bera arduratzen da Anneren komunikazioaz eta harremanetan jarri gaitu” zehaztu du Ituñok. “Lehen abeslaria entzuten nuen eta orain Anne ezagutzen dut, topaketa interesgarria da. Unibertso desberdinetatik gatoz baina ona da biltzea”. La Casa de Papel telesailean Prietoren papera antzezten duen aktore madrildarrak Anne Etchegoyenen disko guziak dauzkala azpi marratu du basauriarrak, “super fan da!”. Duoa egiteaz gain donapaleurrarekin, Hil Kanpaiak Imanol Rayok zuzendutako euskarazko pelikula grabatu  du bizkaitarrak Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian. Netflixen telesail arrakastatsuaren atal berrien grabaketari ere ekingo dio laster. Instagramen bi milioi jarraitzaile baino gehiago dauzkan aktoreak euskaraz hasten ditu beti bere mezuak. “Jarraitzaile asko daukat Portugal eta Brasilen eta euskaraz erantzuten saiatzen dira google translateri esker!”

Berdintasuna

   Emazte diskoaren grabaketa bukatu ondoren, Anne Etchegoyenek nahasketak eta azken ukituak zuzentzen ditu egunotan. Emazteen eskubideak aldarrikatu nahi ditu okaztatua baita La Manada bezalako eskandaluak eta egunero gertatzen diren genero indarkeria kasuengatik. Izan ere, jendartearen erdia baino gehiagok kolpeak hartzen ditu eta gainera, maiz, biktimak isiltasunera zigortuak dira. Isilik kantua prestatu dute Patxi Garat musikari saratarrarekin eta omenaldia egin diote, halaber, Dolores Ibarruri aintzindariari. Emakumeek inoiz kantatu ez dituzten euskal kantak bilduko ditu ere lan berriak. Ttipi ttapa kantuan transmisioaz ariko dira duela gutxi mutiko baten ama izan baita Anne Etchegoyen. Donapaleuarraren arabera feminista baino obra femeninoa izanen da, hamar kantu bilduko ditu, gehienak euskaraz. Bideo klipa grabatu dute ere zenbait aurpegi ezagunekin, tartean, Ilaski Serrano, Africa Baeta edo Jean Pierre Pernaud kazetariak. Aski dela eta errespetua dela gakoa argi adierazi nahi dute. 

  

   Anne Etchegoyenek kantaldia eskaini zuen Bidarteko xahar etxean 2020eko udaberrian, konfinamendu garaian. Erreportaia ETB1n:

    Lagun onekin orenak labur !