www.franckdolosor.com berriketaria reporter journaliste periodista
www.franckdolosor.com  berriketaria  reporter   journaliste  periodista

 

Matxin Irabola bertsulariaren biografia (Elkar)

  2010eko apirilean, hirurogoita hamabortz urte bete ziren Matxin Irabola (1879-1935) Senpereko bertsulari zenaren boza isildu zela. Mende hiru laurden hauetan, bertsularitzak gora behera ainitz jasan du. Gaurko egunean, Ipar Euskal Herrian, ez du gehiago hogoigarren mendearen lehen partean zuen hedadura bera.

   Dena den, azken urteetan indarra berreskuratu du Euskal Herri osoko bertsuzaleen lanari esker. Lan oparo hunek fruituak eman ditu ere Bidasoa ibaiaren iparraldean diren hiru lurraldeetan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan.

   Lan horri esker, 2008ko udazkenean Iparraldeko lehen bertsu txapelketaz eta urte bereko hazilaren 15ean Donibane Lohizuneko jai alain jokatu zen finalaz gozatu ahal izan ginuen bertsuzaleek. Hegoaldean bezala Iparraldean ere bertsularitza bizi da, bertzeak bertze, Teodoro Hernandorena euskaltzaleak amesten zuen bezala!

 

Bertsuz bertsu

 

   Bertsularitza berria bide onean ibil dadin baitezpadakoa iduritzen zait, halere, aintzinekoen ibilbidea ezagutzea. Eta aintzinekoak ez dira bakarrik Mattin eta Xalbador. Ahetze eta Urepeleko semeak denen gogoan dira oraino, bainan haiek baino lehen, maila haundiko bertze bertsularirik izan zen, horien artean, Matxin Irabola senpertarra.

   Bainan zer dakigu zehazki Matxin Irabolaz? Gauza biziki guti, oro har, informazio arras guti baita. Gainerat, bere denborako jende ainitzek bezala, lapurtar hunek ez zakien izkiriatzen ez eta irakurtzen. Ondorioz, bere bertsuen arrasto biziki guti gelditzen da.

   Halere, eskuin eta ezker ongi miatuz, uste baino artikulu eta aipamen gehiago agertu da. Argazkiak ere ba. Eta hori zergatik? Matxin norbait izan baitzen eta bere garaian euskal kulturaz axolatzen zirenak berehala ohartu baitziren maila haundiko bertsularia zela.

 

Matxin gaitzeko bertsulari haundia

 

   Gaurko egunean, Matxini buruz agertzen diren agiriak eta argazkiak balio haundikoak dira; eta horiek oro biltzea eta agerraraztea zor diogu Senpereko seme huni.

 

Eta gisa huntan atsegin haundiz lotu nintzaion miatze lanari:

-Matxin senpertarra baitzen;

-Bere garaian hoberenetakoa izan baitzen: 1935an Donostian jokatu zen lehen bertsu txapelketan bigarren saria ardietsi zuen Basarriren ondotik!

-Bertzalde, lotura zuzena baitut Matxinekin, bere andrea, Dominika Ermua, gure amatxi xaharra Engrace Ermuaren ahizpa baitzen. Horrek erran nahi du Jean Pierre Dolosor Mattin Haltza, nere aitatxi zenaren osaba zela.

   Gainerat, osaba baitzuen, bere bataioan, Matxin hautatu zuten bere bataioko aitatxi, edo aita besoetakoa, izateko. Gure aitaren aita, aitatxi Errebirakoa, 1921an sortu zen eta beraz 14 urte bertzerik ez zituen Matxin zendu zelarik. Halere, bertsulari huntaz ongi oroitzen zen, atxikimendu haundia zion eta maiz aipatzen zuen. Gaurko egunean, senpertar gutik dakite historia hau.

 

Matxin gure ahaidea

 

   Gainerat, historia oso osoa ezagutu dezazuen, bertze xehetasun baten berri ere eman behar dauzuet. Jean Pierre Dolosor Haltza (1921-2005) gure aitaren aita zen, eta denbora berean, nere bataioan eta konfirmazioan hura izan nuen aitatxi, ala aita besoetakoa.

   Horrek erran nahi du nere bataioko aitatxiren bataioko aitatxi zela Matxin Irabola. Eta hori, bertsuzalea naizen aldetik ez zait batere itsusi!

   Azkenik, Matxin Irabola nere ezagun batzuen aitatxi xaharra da, Irabola familiako gazteak ongi ezagutzen baititut ttiki-ttikitik. Michel eta Marie Marthe Irabolaren alabak, Christine, Maider eta Maialen, Senpereko eskolan eta Zirikolatz euskal dantza taldean ezagutu ditut.

 

Matxin & Mixu 

 

   Arras bururatzeko, oroitarazi behar da Patrick Michelena Mixu, Sustraia musika talde ospetsuko kantari zenaren aitatxi xaharra ere dela Matxin Irabola. Mixu eta Matxin, biak nortasuna haundiko gizonak, biak gazterik eta goizegi ganak.

Franck Dolosor Haltza 2010eko urria

 

 

    

 

Liburua erosteko:

http://www.elkar.com/eu/bilaketa/dolosor

 

Matxin Irabola bertsulariari buruzko bloga: http://matxinirabola.unblog.fr/

2010eko udazkenean, Matxin Irabolaren biografiaren aurkezpenaren karietarat bertsu saioa Amotze Larraldean Sustrai Colina, Michel Aire Xalbador, Amets Arzallus, Fermin Mihura eta Joana Itzainarekin.

    Lagun onekin orenak labur !