www.franckdolosor.com berriketaria reporter journaliste periodista
www.franckdolosor.com  berriketaria  reporter   journaliste  periodista

Ostalaritza otsaila erdia arte hetsia egonen da Iparraldean

75 urte duten herritar guztiek txertoa hartu ahal izanen dute

(2021/1/13)

  Ipar Euskal Herrian, kulturguneek, museoek, antzokiek eta zinemek gutxienez urtarrila bukaera arte hetsiak egoten segituko dute eta ostalaritzak otsailaren 15a arte zain egon beharko du. Enpresa guzti horiek urri bukaeran eten zuten beren jarduera. Eguberri garaian, Iparraldeko hotelen %25a baizik ez zen lanean aritu eta okupatze tasa %20ekoa besterik ez zen izan. Iaz, ostalaritza bost hilabetez hetsia egon zen denera. Frantziako gobernuak banatzen dituen diru laguntzak desagertuko direlarik enpresa askok ateak betiko hetsiko dituztela beldur dira gero eta ahots gehiago. Ostalerrek protesta gero eta gehiago egiten dutela eta, Jean René Euskal Hirigune Elkargoaren presidenteak adierazi du tokiko zergak arintzeko prest dela fiskalitateak "zuzena" izan behar duelakoan.

   Txertaketa kanpaina joan den asteazkenean hasi zen Ipar Euskal Herriko zahar etxe eta Baionako ospitalean eta jadanik 900 lagun inguruk ukan dute lehen dosia. Pfizer txertoaren bost mila dosiak ematen dituzte adinekoei eta arriskuak izan ditzaketen osasun arloko profesionalei. Lehen dosia jaso duten guztiek bigarrena izanen dutela ondoko egunetan segurtatu du Maritxu Blanzaco osasun arloko zuzendariak. Miarritze eta Azkaineko herriko etxeak eraikin publikoak proposatu dituzte herritar gehiagori txertoa eman ahal izateko. 75 urte dituzten herritar guztiek txertoa hartu ahal izanen dute urtarrilaren 18tik landa. Agintariek txertoa ematearen garrantziaz ohartarazi eta horren aldeko mezuak hedatzen dituzte frantziarren %40 baizik ez baita prest urrats hori egiteko.

 

   "Musukoekin gertatu zen bezala, aldi honetan ere, osasun arloko agintariek ez dute batere molde egokian jokatzen txertoei buruz informazio asko falta baita oraindik " deitoratu du Ipar Euskal Herriko zahar etxe sare baten zuzendariak. "Berriz ere egoera biziki zaila da ez baitakigu deus logistikaz. Argi egon dadila gure langileek ez dutela txertorik emanen, hori, medikuen lana baita. Denbora luzea beharko da eta ez ditugu pazienteak bat bertzearen ondotik berehala hartuko hedabideetan ikusi ahal izan zen bezala". Baionaldeko profesionalak gogoratzen du pazienteak eta beren familiek urtarrilaren 11arako erran beharko dutela ados direnez txertoa hartzeko. Kontuan hartu behar da zaharren ia erdiak ezin duela erabaki hori bakarrik hartu buru arazoak jasaten dituztelakoan. Gainera, Covida jasan badute azken hiru hilabeteetan ezin izanen dute txertoa hartu, ez eta alergiak pairatzen baldin badituzte.

   Frantziako estatuan 65 000 herritar pasa hil dira dagoeneko, horietatik 325 Pirineo Atlantikoetako ospitaleetan, eta gutxienez 131 zahar etxeetan. Gaur egun, 161 lagun artatzen dituzte Paue eta Baiona bezalako erietxeetan, horietatik 15 suspertze zerbitzuetan. Inzidentzia tasari dagokionez, ehun mila biztanleko 140 kasu inguru daude, gero eta gehiago. Azaroko lehen astean 545 kasu zeuden. Positibotasun tasa %4,6koa da eta erreproduzitze tasa 1,07koa.

   Eguberriko oporrak baino lehen Atharratzeko kolegioa eta Baionako Etxepare lizeoko hiru ikasgela hetsi zituzten gaitzaren agerraldiengatik. Birusak hedatzen segitzen duenez azken egunetan Donibane Lohizuneko Maurice Ravel lizeoko bi ikasgela hetsi behar izan dituzte. Aviron Bayonnais errugbi taldeko zenbait jokalarik britaniar aldaera jasan dutenez, zenbait egunez kide guztiak bakartu, taldearen jarduera osoa gelditu eta jokatu behar ziren partiduak atzeratu behar izan dituzte. Denak onik eta osatu direla dio taldearen zuzendaritzak. Frantziako gobernuak ez du baztertzen neurriak zorroztea egoera okertuko balitz.

 

 

2020/12/8

 

 

  
   Eguberriz zer egin ahal izanen dugu? Noiz hartuko dugu Covidaz babestuko gaituen txertoa? Zenbat aste falta dira betiko bizia berriz egin ahal izateko? Pandemiak aldaketa eta galdera asko sortu du, eta Ipar Euskal Herrian osasun arloko arduradunek ohartarazi dute osasun mentalaren egoera okertzen ari dela. Joan den udaberriko hetsialdian ohi baino suizidio gutxiago izan zen Maritxu Blanzaco osasun sailaren zuzendariaren hitzetan. "Krisi garaietan horrela izan ohi da eta elkartasun handia piztu zen. Bigarren uhainean, ordea, egoera zailagoa da herritar askok ez baitute inolako perspektibarik. Hori jasatea zaila zaie". Zuberoa eta Biarnoan, 15 000 lagun artatu ohi dituzte baina osasun krisia hasi zenetik paziente berriak agertu zaizkie. Kontsulta eta ospitaleratze kopurua handitu da psikiatria sailean. "Goibel eta urduri daude krisia luzea iduritzen zaielako. Asko bakartuta dauden unibertsitateetako ikasleak dira, ez daukate inolako kontakturik".


   Covid-19 eta buru arazoen inguruan prebentzio lana indartzeko MedVigie sarea sortu dute herrietako medikuekin elkarlanean. "Artatu eta sendatu baino gehiago, enpresa handi edo lurralde konkretuetan prebentzioa hobetu behar da lehenik". Bakartzea proposatu dezakete ere. Ipar Euskal Herrian 13 medikuk bat egin dute jadanik ekimenarekin. 


   Bestalde, pandemiaren eragina apaltzen ari da baina "polikiegi" Blanzacoren arabera. Positibotasun tasa %10koa da eta 100 000 biztanleko 125 kasu daude. Urriko azken astean, 530 ziren. Adin handiko herritarren artean, abendo hasieran 167 ziren eta orain 129 dira. "Gehiegi da" dio Blanzacok izurritea kontrolpean izateko kopuruak ehunera apaldu behar lukeelako. Pandemia hasi zenetik 234 paziente hil dira Pirineo Atlantikoetan, 27 joan den udaberrian eta beste guziak azken asteetan. "Heriotz asko zahar etxeetan gertatu dira agerraldi asko zeudelako eta beste gaitzak zituztelako ere. Hil diren adin handiko horiek ahulagoak ziren eta Covidak egoera okertu die". Gaur egun, 30 paziente artatzen dituzte Baionako ospitalean, horietatik bost suspertze zerbitzuan. Eskoletan ez dago gehiago arazorik, eta Hendaiako itsas ospitalean eta Baionako presondegian zeuden agerraldiak desagertu direla segurtatu du Maritxu Blanzacok.


   Bestak ospatu baino lehen, sei helduen artean gehienik, probak egitea gomendatu du Pirineo Atlantikoetan ez dagoelako arazorik egin ahal izateko eta emaitzak laster eskuratzeko. Canada eta Ameriketako Estatu Batuetako egoera bat batean okertu dela ikusteak kezka sortzen du eta hirugarren uhainaz beldur dira. Ipar Euskal Herrian merkataritza ttikiak ateak zabaldu ditu berriz baina ostalaritzak urtarrilaren 20a arte zain egon beharko du, bederen.

 

   Txerto kanpaina urtarrilean hasiko da zahar etxe eta ahul direnentzat, eta gero udaberrian beste herritarrek hartu ahal izanen dute ere. Urririk eginen dute eta ez da derrigorrezkoa izanen.

 

 

   Ipar Euskal Herrian konfinamendua ez da oraindik bururatu baina indarrean dauden neurriak arintzen hasi dira. Herritarrek baimen bereziak behar dituzte beti etxetik ateratzeko. Halere ordubeteko eta kilometro bateko ateraldiak askoz zabalagoak dira orain, hiru ordukoak eta hogei kilometrokoak dira eta. Joan den urriaren 30ean hetsi behar izan zuten saltoki ttikiek ateak ireki ahal izan dituzte berriz azaroaren 28an. Lehen orduetatik, milaka erosle hurbildu ziren hilabete batez hetsiak egon diren merkataritza guneetara. Surfzale eta mendizaleek ere gehien maite duten jarduera berriz hasi ahal izan zuten lau astez debekatua egon zen eta. Eric Spitz, Frantziako gobernuak Pirineo Atlantikoetan duen ordezkariak azpi marratu du egoera kezkagarria dela oraindik eta indarrean dauden neurriak errespetatu behar direla. "150 polizia eta 350 jendarmek bazterrak zaintzen dituzte. Azaro erditsuan 1 667 isun banatu dituzte, hiru mila joan den udaberrian egin zen lehen hetsialdian" zehaztu du.

 

 

   Osasun egoera hobetzen bada, abendoaren 15ean zinema, antzoki eta museoek ere ateak ireki ahal izanen dituzte eta etxeratze agindua indarrean ezarriko lukete 21:00 eta 6:00 artean. Ostalaritzako profesionalak biziki kezkatuak dira urtarrilaren 20a arte egon beharko baitute, bederen, publikoari harrera berriz egin ahal izateko. Aurten, ateak hetsi behar izan dituztenez bost hilabetez, Baionaldean, Kasu, ostalariak kexu taldea sortu dute zenbait protesta egiteko pairatzen duten egoeraz ohartarazteko. Garagarno upel iraungiak ireki eta bota dituzte, adibidez, Frantziako gobernuak Baionan duen ordezkaritzaren aintzinean. Hitz eman dizkieten diru laguntzak eta neurriak eskasak direla diote, taberna berriki ireki dutenek, adibidez, ezin izanen baitute deus eskuratu. Aseguru etxeek eta bankuek arduratsuago jokatzea eskatu dute ere Ipar Euskal Herriko ostalariek.

 

   Osasun krisiak krisi ekonomikoa eragin du eta garai hauetan hegaldi bakarra dago egun gehienetan Miarritzeko aireportuan. Ateak ez dituzte zabaltzen ere astearte eta larunbatetan hegaldi bakarra ere ez dagoelako. Hazparnen, Lauak aeronautika enpresak 132 lagun, langileen herena, kanporatu du joan den martxotik negozio zifra asko apaldu zaielako. LAB sindikatuak protesta egin du informazio eza salatzeko eta erakunde publikoek esku har dezaten aldarrikatzeko. 

 

 

   Baionako erietxean bi larrialdi zerbitzu sortu dituzte, bat Covid19 dutenentzat, betiko eraikinean, eta bigarrena bertze gaitzak jasaten dituztenentzat. Bi motako pazienteak bereiztea da ezarri duten ospitale mugikorraren helburua:

 

   Baionako erietxean bi larrialdi zerbitzu sortu dituzte, bat Covid19 dutenentzat betiko eraikinean eta bigarrena bertze gaitzak dituztenentzat. Bi motako pazienteak bereiztea da ezarri duten ospitale mugikorraren helburua:

 

   2017an Bartzelonako atentatuen ondotik, Pirineotako eskualdeek tresna berria elgarrekin sortzea pentsatu zuten Europaren laguntzarekin, biltzar haundiak edo hondamendiak gertatzen direlarik. Nafarroa Garaia, Aragoi, Catalunya, eta Frantziako estatuko Hegoalde osoan erabiltzen ahal dute.

 

   10 tonako pisua du, 66 metro karratu, eta oren bat eskas behar da instalatzeko. Osoki autonomoa da, oxigenoa, informatika, satelitea dituelako barnean eta orotarat 18 lagun artatzen ahal dira bertan.

 

 

 

 

   Bestalde, Lapurdin antigenoak detektatzeko probak egiten hasi ziren 2020ko azaro hasieran: 

 

 

 

Bigarren konfinamendua:

 

  Aste bateko etxeratze agindua indarrean izan ondoren, Frantziako estatu osoan bezala, urriaren 30ean, gutienez lau asteko bigarren konfinamendua hasi zen Ipar Euskal Herrian, udaberrikoa baino malguagoa, halere.

   Neurri hori hartzea ezinbestekoa zela adierazi zuen Emmanuel Macron presidenteak egunero 50 000 kutsatze berri zenbatzen zituztelako eta pandemia ez zutelako gehiago kontrolpean.

 

   Ateak hetsi behar izan zituztenez, saltzaile eta ostalerrek zenbait protesta egin izan dituzte, bertzeak bertze, Donibane Garazi eta Baionan azaroaren 4ean:

 

 

 

 

  Izurriteak, eta urriaren 30etik indarrean den bigarren konfinamenduak, gogor astintzen dute Ipar Euskal Herriko ekonomia. Bertako ostatu eta jatetxeek ezin izanen dituzte ateak ireki urtarrilaren 20ª arte. Ipar Euskal Herriko 300 hotelen artean %10 baizik ez dago zabalik eta batzuek ateak betiko itxi beharko dituztela ez dute baztertzen.

 Otoitz lekuak zabalik daude bainan 30 lagunek baizik ezin dute ehorzketa batean parte hartu eta ezkontzetan seik!

   Frantziako estatu kontseiluak ez du mezak ospatzearen debekuaren kontra egin joan den maiatzean bezala. Baionako apezpikuak helegitea aurkeztu zuen gobernuak indarrean eman zuen debekua otoitz egitearen askatasunaren kontrakoa delakoan. 

 

 

2020ko urriaren 30ean hasi zen bigarren konfinamenduaz:  

 

   Estatuen arteko mugak ez dituzte hetsi bainan Eric Spitz Frantziako gobernuak Pirineo Atlantikoetako departamenduan duen ordezkariak eskatu du Gipuzkoara ez joatea kontuan hartuz bertan ezin dela udalerri batetik bestera joan. 


   Lantegi gehienak, haurtzaindegiak, ama eskolak, lehen eta bigarren maileko ikastegiak zabalik daude. Lehen aldiz, 6-12 urteko haurrek musukoak jantzi behar dituzte ikasgeletarat sartzeko. Familiek bi maskara eman behar dizkiete egunero gaztetxoei. Eskoletan zenbait musuko egonen dira, halere, norbaitek ahanzten badu edo norbaitek ezin badu babesik erosi arazo ekonomikoengatik. Baiona, Angelu eta Miarritzeko herriko etxeek zenbait musuko banatu dizkiete bertako familiei. 

 

 

 

Konfinamendua Euskal Herrian:

 

   Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoko egoeraren berri ematen du Santé Publique France erakundeak argitaratu duen mapak:

 

https://geodes.santepubliquefrance.fr/#c=indicator&f=0&i=sg_iris_imp.ti&s=2020-10-12-2020-10-18&t=a01&view=map9

 

   Ortzaize, Bidarrai, Iholdi, Suhuskune, Jatsu, Izpura, Bunuze, Aldude, eta Anauze bezalako herriak eri gehien duten guneen artean egon izan dira mapa hunen arabera.

 


   Baiona eta Miarritzeko herriko etxeek aterpeak moldatu dituzte etxerik gabeei harrera egiteko. Elkarlanean Baionako fiskalarekin, gogoeta eginen dute ere, tratu txarrak jasaten dituzten emazteei harrera egiteko. Izan ere, joan den udaberriko hetsialdiaren garaian mota horretako erasoen eta larrialdi egoitzen eskaeren kopurua emendatu zen. Mehatxu terrorista eta sanitarioari buru egiteko, Eric Spitz prefetak dei egin du supermekatuak bat batean ez husteko eta "eko-abertzale" jarrera izateko.


   Bigarren konfinamendua dela eta, antzokiek, erakustokiek eta zine aretoek ateak hetsi dituzte. Donibane Lohizuneko Select zinemako 11 langileak langabezia partzialean daude. Ortzaizen ospatu behar zen kabalkada gibelaratu, eta Xilaba, Ipar Euskal Herriko bertsu xapelketa eta Lurrama azoka bertan behera utzi dituzte antolatzaileek.

 

 

 

2020-06

  13 presuna zendu dira Baionako ospitalean, horien artean Landesetako bi lagun, bertakoa da artatzen dituzten pazienteen %30.

   Bertzalde, Paueko ospitalean Atharratzeko (Xiberua) gutienez bi lagun zendu dira. Informazio ofizialaren falta dela eta, aldi huntan ere prentsak jakinarazi behar izan ditu zonbait xehetasun, bertzeak bertze, gaitzaren bi gune egon direla Atharratze eta Bokalen, eta zenbait eri izan direla ere Baiona, Miarritze eta Iholdiko hiru zahar etxetan.  60 urte inguru dituen hego Lapurdiko erizain bat eritu da ere. Baionako ospitaleko 15 profesional kutsatuak izan dira.

   Iparraldean, 310 000 biztanle daude.

https://www.nouvelle-aquitaine.ars.sante.fr/

   Iparraldeko informazioarekin aldi huntan ere zer gertatzen den galdetu zuen apiril hastapenean Ramón Sola kazetariak GARA egunkarian:

https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20200407/el-virus-que-ha-atravesado-atlantico-y-pacifico-no-cruza-el-aturri-ni-el-bidasoa  

   Egoera hobetzen bada, maiatzaren 11tik landa neurriak arinduko dituzte Ipar Euskal Herrian ere:

https://www.berria.eus/paperekoa/2096/003/003/2020-04-29/maiatzaren-11tik-aitzina-itxialdia-arinduko-dute-ipar-euskal-herrian.htm

   Genero indarkeria %60 emendatu da Ipar Euskal Herrian hetsialdiaren garaian poliziaren arabera. Erreportaia ETB2n 

 

EKIMENAK

   Lapurdiko hiriburuko herritarrak babesteko, auzapezak Baionako enpresa bati 53 000 maskara biologiko ekoiztea galdetu dio. Erreportaia ETBn

 

    Guillaume Barucq Miarritzeko auzapez orde eta medikuak osasunaren tokiko behatokia sortzea aldarrikatu du Hirigune Elkargoak egin zuen azken bilkuran eskatu zuen bezala. Udan hondartzak berriz idekitzea galdegin du ere. Erreportaia ETB1n (apirilaren 26an). Bi egun geroago lehen ministroak adierazi zuen gutxienez ekaina hasiera arte hetsiak egonen direla. Azkenean maiatzaren 16an zabaldu dituzte kirola egiteko bakarrik.

 

ELKARTASUNA

     Gero eta artista gehiagok kantaldiak eskaintzen dizkiete denbora luzean lo geletan egon diren adineko lagunei. Erreportaia ETB1n maiatzaren zazpian Anne Etchegoyenekin

 

ALBISTEAREN HARIAN

   Hetsialdiak maiatzaren 11a arte iraunen du Ipar Euskal Herrian eta ondotik ere birusarekin bizitzen ikasi beharko dugu Frantziako lehen ministroaren hitzetan

 https://www.francetvinfo.fr/sante/maladie/coronavirus/coronavirus-droit-de-visite-en-ehpad-port-du-masque-ecoles-ce-qu-il-faut-retenir-de-la-conference-de-presse-d-edouard-philippe-et-d-oliver-veran_3924211.html

   Maiatzean test gehiago egin eta maskarak banatuko dituztela hitz eman du errepublikako presidenteak

https://www.francebleu.fr/infos/societe/direct-video-coronavirus-suivez-l-allocution-d-emmanuel-macron-1586772646

   "Epidemia menperatu dugu gure lurraldean baina erne egon behar dugu beti" dio Eric Spitz Frantziako gobernuak Pirineo Atlantikoetako departamenduan duen ordezkariak.

   Langabezia partziala dela eta, Pirineo Atlantikoetan bakarrik eskaerak izan dituzte 90 000 langileentzat. "40 miliun lan oren eta merkataritza saileko heren batez hitz egiten ari gara. Turismoak ere galera haundiak jasanen ditu eta baliteke enpresa batzuek ateak hetsi behar izatea. Frantziaren barne produktua %6 apaldu da jadanik eta ez genuen sekulan holakorik ikusi 1945tik, Munduko Bigarren Gerlaren ondotik". Frantziako gobernuak hainbat neurri indarrean sartu ditu enpresak laguntzeko: http://www.pyrenees-atlantiques.gouv.fr/

   Prefetak eskerrak eman dizkie sendagile, garbitzaile eta etxean egoten diren herritarrei, bere hitzetan, konfinamenduari esker bizi bat salbatzen baita zortzi minututik behin. Segurtasuna indarrek milaka isun banatu dituzte jadanik baina oro har zibismo handia erakusten dute departamenduko herritarrek. Joan den apirilaren bostean, 63 ibilgailu arin baizik ez ziren pasa Miarritzeko ordainlekutik eta denak kontrolatu zituzten.

   "Milaka isunen artean, 19 kasutan bigarren aldia zen jende berak kontrolatuak izaten zirela. Apirilaren 9an eskiatzaile bat mendian kirola egiten harrapatu eta beste lagun bat hiru aldiz aurkitu dute kanpoan ibiltzen baimenik gabe. Azken huni 3 750 euroren isuna eta bete beharko ez duen sei hilabeteko presondegi zigorra eman zaio".

Udako etxeetara heldu direnei kontrolak egoitza horietan bertan egiten ahalko dizkietela gaineratu du prefetak. Herritar askok dei egiten omen diote poliziari usaian hetsiak diren etxeak bat batean idekiak direla abisatzeko. 

    Merkatuei dagokienez, gobernuaren ordezkariak 40 baimen berezi eman ditu bi baldintzekin: tokiko ekoizpenak saltzea eta segurtasuna bermatzea. Gipuzkoa eta Nafarroa Garairen mugan egun hauetan ez dela arazo berezirik argitu du Eric Spitzek. "Gipuzkoa beste lurraldeak baino lau aldiz gutiago hunkia da eta oro har neurri berak aplikatzen ditugu mugaren bi aldeetan".

 

   Euskal Herriko zientzialari batzuek gaitza antzemateko test bat sortu dute:

https://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/osoa/7156601/euskal-zientzialari-batzuek-covid19a-antzemateko-test-garatu-dute-/

   Gaitzari buruz informazio argigarria eskaintzen du Miren Basaras mikrobiologoak:

https://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/faktoria/audioak/osoa/7148913/audioa-miren-basaras-mikrobiologoa-testak-modu-masiboan-egin-behar-dira-/

https://www.berria.eus/paperekoa/2273/008/001/2020-04-08/arnastuz-soilik.htm

   -Sarako idazleen biltzarra irailean eginen da aurten eta ez bazko asteburuan:

https://www.berria.eus/paperekoa/1877/023/001/2020-04-10/sarako-biltzarra-irailean.htm

        -Herri Urrats ez da maiatzaren 10ean ospatuko eta udazkenean egitea aztertzen ari dira:

https://www.berria.eus/paperekoa/2164/009/002/2020-04-04/herri-urrats-ibilaldia-eta-araba-euskaraz-beste-garai-batean-egitea-aztergai-dute.htm

   -Lege arauen hausteak direla eta, Pirineo Atlantikoetako segurtasun indarrek gutienez 2 840 isun eman behar izan dituzte, adibidez urean kirola egiten zuten 30 bat surflariri.

  -Frantziako armadako kideek “Résilience” operazioa hasi dute Lapurdiko itsas bazterra, supermerkatuak eta geltokiak zaintzeko.

   -Pirineo Atlantikoetako departamenduko kontseiluak osasungintzan ari diren 12 000 profesionalei gaitza detektatzeko ikerketak eginen dizkie: http://www.le64.fr/accueil.html

   -Hirigune Elkargoak laborari eta ekoizleak laguntzea erabaki du:https://www.communaute-paysbasque.fr/a-la-une-2/actualites/actualite/la-communaute-pays-basque-soutient-ses-producteurs

MASKARAK

    Beste herrialde batzuek jadanik egin bezala, azkenean Frantziako estatuan ere etxetik kanpo ibiltzeko maskarak erabiltzea gomendatzen dute. Nork, nola eta zergatik? Huna hemen gakoak:

https://www.berria.eus/paperekoa/1876/038/001/2020-03-04/maskarak-nork-noiz-eta-zertarako.htm?utm_source=Twitter&utm_medium=Sare_sozialak_CM

   Bainan falta dira, zergatik? Huna hemen Frantziako zerbitzu publikoak egin duen ikerketa sakona:

https://www.francetvinfo.fr/sante/maladie/coronavirus/enquete-franceinfo-comment-la-france-a-sacrifie-sa-principale-usine-de-masques-basee-en-bretagne_3896665.html?fbclid=IwAR3Yt-1fSitEYYMW86RVluEiwrZYlkcKO6EXRAcGEdk6BtNqJqzbjJWO1x8#xtor=CS2-765-%5Bautres%5D-

   Euskal Herriko zerbitzu publikoak eskaintzen duen irratsaio sakonenetakoa. Krisia ulertzeko gako nagusiak aditu hoberenekin Radio Euskadin, La Mecanica del Caracol saioan Eva Caballero kazetariaren eskutik

https://www.eitb.eus/es/radio/radio-euskadi/programas/la-mecanica-del-caracol/

Pista gehiago: Elhuyar https://www.elhuyar.eus/ 

Ana Galarraga https://twitter.com/AnaGalarraga1

Teknopolis saioa ETBn: https://teknopolis.elhuyar.eus/?lang=eu

 

   Baionako ospitalak eskerrak eman dizkie ehunka laguntzailei sendagileek beharrezkoak dituzten zenbait maskara, esku larru, babes, ordenagailu eta halakoak bildu dituzte eta. Laguntza gehiago behar dutenez...https://www.ch-cotebasque.fr/appel-aux-dons

   Covid19 gaitzarengatik doluan direnentzat Baionako erietxeak sikologia batzordea sortu du. Apirilaren 15ª arte luzatuko den konfinamenduarengatik arazoak dituztenei ere laguntza emanen diete astelehenetik ortziralerat 9:00 eta 17:00 artean (05 59 44 41 30)

   Nerabeei ere laguntza eman nahi zaienez, ospitalak AdoEnia etxean laguntza telefona martxan ezarri du. 11 eta 21 urteko gazteen eta beren burasoen deiak hartzen dituzte 14:00 eta 17:00 artean. Mezuak hartzen dituzte contact@adoenia.fr helbide elektronikoan. Informazio gehiago Facebook eta Instagram kontuetan.

   Lapurdiko hiriburuko auzokide batzuek osasun saileko zenbait profesionalen kontrako hainbat mezu hedatu dituzte etxetik ahal bezain laster eta urrun joateko galdeginez. Jarrera anonimoek gaitzespen gogorrak eragin dituzte eta bi erizainek salaketak aurkeztu dituzte.

 

2020/03/30

      Ipar Euskal Herriak joan den udan G7 nazioarteko gailurraren garaian izan zuen itxura berreskuratu du. Karriketan ibiltzeko baimen berezia idatzirik eskuan izatea beharrezkoa da eta agiria ez daramanari 135 isuna eman diezaiokete.

   Covid19 gaitza jasaten duten eriak agertzen ari dira, piskanaka piskanaka, bertzeak bertze, Iholdi, Baiona eta Miarritzeko hiru zahar etxetan zenbait kasurekin. Baionako ospitalean Francis Gonzalez Bokaleko auzapeza eta bertako hamar bat hautetsi eta hautagai artatzen dituzte ere. Marie Ange Thébaud Bokaleko zerrendaburu ekologista artatu dute Baionako ospitalean. Hortik ateratzean, 62 urteko hautagaiak biziki unatua dela adierazi du. “Ez dut beldurrik izan sendagileen esku bainegoen. Martxoaren 18an, jausten ez zen 39,2 graduren tenperatura nuen, buruko mina eta gelditu gabe eztul idorra. Orain senarrekin hogoi egunez etxean egonen gara”.  

   Autobus publikoen 39 urteko gidari bati hatsa hartzeko laguntza ematen diote ere. Chronoplus Baionaldeko garraio sare publikoan segurtasun neurriak indartu eta autobusak maiz desinfektatzen dituzte. Halaber, ibilgailuetan txartelik ez dute gehiago saltzen eta langileek ez dute gehiago inolako harremanik bidaiariekin. Ohiko eskaintzaren %30 inguru baizik ez dute bermatzen egun hauetan. Trambusean 30 bidaiari hartzen dituzte, ez gehiago; eta bertze autobusetan 20 lagunetan mugatzen dute erabiltzaileen kopurua. Dena den, bidai bereziak proposatzen dituzte Lapurdiko hiriburuko osasun gune desberdinen artean bertan lan egiten duten profesionalen harat huntak errexteko.

   Izurriteari buru egiteko behin behineko zenbait erietxe ideki dituzte Baiona eta Angeluko elkartetxeetan, Donapaleu edo Donibane Lohizuneko Kexiloa kirol gelan. Bertan 42 medikuk lan egiten dute txandaka Baionako erietxearen lana arintzeko eta larrialdi zerbitzuak bat batean gaindituak izan ez daitezen.

 

   Kasu gehienak ondoko egunetan ager liratekenez, azpi egitura zabala prestatzen dute Donapaleuko ospitale eta Baionako Belharra klinikan eta SAMUaren baliabideak hiruzkoitu dituztela bermatu du Tarak Mokni zuzendariak. Euskal Irratietan Maitena Xohobigarat medikua baxe nafarrak esku larruak eta plastikozko babesak bezalako baliabideak falta dituztela deitoratu du. "Telekontsultak edo telefono deiak hartzen ditugu; eta larrialdiak ez kolapsatzeko Covid zentro aintzinatuak zabaldu dituzte zenbait herritan. Dena den bertan ez dela testarik eginen" azpi marratu du sendagile gazteak.

    Osasun saila eta xahar etxeetako profesionalak kezkatuak dira maskarak falta dituztelako beren burua babesteko. Zenbait zurgin, hargin eta enpresarik beren maskarak eskaini dizkiete eta elkartasunez josten dakitenek neurrira egindako babesak prestatzen dizkiete. Adishatz Capbretongo jantzi markarentzat lan egiten duten sei lagunek oihalezko 300 babes josten dituzte egunero. "Behar dutenen esku gogotik uzten ditugu garai latz honetan bakotxak bere harria ekarri behar duelako" dio Jean Luc Lagrave Adishatz enpresaren buruak. Herritar soilek ere gauza bera egiten dute. "Alabak osasungintzan lan egiten duenez zenbait gailu josi ditut eta gure herriko supermerkatuko kutxan lan egiten duen langile bati ere eskaini diot" dio senpertar batek.

   Auzolana eta elkartasunari buruzko erreportaia ETBn (apirilaren 5ean)

  

   Osasun krisia dela eta, etxean egotea agindu dute Euskal Herri osoan baina gurean ere hamarnaka lagun egoitzarik gabe daude urte osoan. Etxerik gabekoei aterpea, janaria eta garbitzeko aukera emateko Atherbea elkarteak kudeatzen dituen bi gune zabaldu dituzte Baionan Lauga kiroldegian eta Miarritzen Rotary aldean.

https://www.berria.eus/paperekoa/1868/008/001/2020-03-28/esplikatzen-diegu-konfinamendua-prozesu-kolektibo-bat-dela.htm

 

Enpresarien kezka

   Emmanuel Macron Frantziako errepublikako presidenteak iragarritako zergen ordainketen atzerapenaren aukera berandu datorrela salatu du Sébastien Carré Iparraldeko enpresa ertainen buruak. "Hauteskundeentzat bezala, dena berandu eta gaizki egiten dute. Ez dute neurririk iragarri autonomoentzat eta tokiko zergak ere arindu edo atzeratu beharko dira" dio Carrék. "Elkartasun ekonomikoa eta keinu indartsua behar dugu aste honetan bertan". Akitaniako gobernuak 50 milioi euroren funtsa sortu du Baionako Merkataritza Ganberak krisi batzordea eratu duelarik. "Kotizazioen ordainketen atzerapena baino anulazioa eskatzen dugu eta lanpostuak babesteko gaur bertan erabaki zorrotzak hartu behar ditugu" dio André Garreta Ganberako presidenteak.

https://www.berria.eus/paperekoa/1855/011/001/2020-04-04/gertatzen-denaren-neurria-hartu-ezean-murruaren-aurka-goaz.htm

https://www.bayonne.cci.fr/

https://twitter.com/Andre_Garreta

   Donibane Lohizune eta Baionan merkatuak bertan behera utzi dituzte eta gero eta ekoizle gehiagok "drive" edo etxez etxeko banatze moldeak hautatu behar izan dituzte beren ekoizpenak saldu ahal izateko. https://www.lekukoa.com/

   Miarritzeko hiriak bakarrik bizi diren herritar nagusien zerrenda eguneratu du zainketa bereziak egiteko beroaldiak gertatzen direlarik bezala. Eraikuntzako lantegi askok ateak hetsi eta langileak etxera igorri dituzte. "Langileen osasunari lehentasuna ematea ados daude sektoreko hiru batasunak. Hobe da gure jarduera behin behinean gelditzea ezin baititugu neurri guziak bermatu" adierazi du Euskal Irratietan Jean Jacques Etxeberri hargin muskildiarrak. Miarritze eta Paueko aireportuak eta Hendaian Euskotrenek duen geltokiak hetsi dituzte ere jakina ez den epe batentzat.

   Joan den martxoaren 16tik Frantziako estatuko 13 milioi haur eta ikasle etxean daude. Hezkuntza sailak agindurik Seaskaren ikastoletan ere bi erronka dauzkate: urrutiko irakaskuntza proposatzea eta zenbait ikastegitan ateak zabaltzea osasungintzan ari diren profesionalen seme alabei harrera egiteko. Milaka gaztek erabili ohi duten eskola garraioa bertan behera utzi dute osoki Hendaiatik Atharratzeraino. Euskal Irratiak sareak egunero emankizun bereziak proposatzen dizkie etxe xokoan dauden haurrei. http://euskalirratiak.eus/

   Euskal Hirigune Elkargoa, eta udal gehienen zerbitzu publiko gehienek ateak hetsi dituzte. Kanbon ur beroen guneak, Larresoron Ainziart-Bergara makila egilearen tailerra eta Lourdes-n otoitz leku guztiak hetsi dituzte lehen aldikoz. Erromatik itzuli berri denez Baionako apezpikua ez da bere etxetik ateratzen. Eguerdi oro meza eskaintzen du sare sozialetan eta elizkizun guztiak bertan behera utzi ditu, ehorzketak barne. Hilerrian erretore bat eta hurbileko ahaideak baizik ez egotea agindu du Marc Aillet apezpikuak. Edouard Philippe lehen ministroak berak ehorzketetara ez joateko eskatu du.

   Maiatzaren 11etik goiti elizkizunak berriz hastea eskatu du Marc Aillet Baionako apezpikuak. Egunero meza erraten du:

https://www.facebook.com/MgrMAillet/

   Ipar Euskal Herriko irrati telebista publikoak ez ditu ohiko saio guztiak eskaintzen eta Mediabask astekariak bere argitalpenak sarera mugatu dituenez paperezko bertsioa ez da gehiago kioskoetan banatzen.

      Osasun krisia golpe gogorra denez turismoarentzat, Landesetako profesionalek egiazko "Marshall plana" galdegin dute.                            Erreportaia DEIA egunkarian:   https://www.deia.eus/actualidad/sociedad/2020/04/09/marshall-plana-eskatu-dute-landetako/1030462.html

   Konfinamenduari buru egin eta denbora ahal bezain ongi baliatzeko sarean mota guzietako jarduerak proposatzen dituzte eta eskuin eta ezker ekimen ainitz sortzen ari da. Caroline Phillips komunikazio adituak sarearen erabilera hobetzeko ikastaroak eskaintzen ditu

https://pic.digital/blog/webinars-pic-digital/

   Bertzalde, kulturari dagokionez, mota guzietako ekitaldiak bertan behera edo gibelatu dituzte baina sorkuntza ainitz agertzen da sarean. Patxi Perez dantzariak edo Naia Robles kantariak bihotz altxagarri diren opari ederrak aireratu dituzte

https://www.facebook.com/naia.robles

https://www.facebook.com/patxietakonpania/videos/748127349052332/

   Bere aldetik, Baionako euskal museoaren zenbait altxor proposatzen dituzte gune honetan:

http://www.musee-basque.com/fr/11-les-collections.php

   Beasaingo taldearen adibidea jarraikiz, Zirikolatz Senpereko euskal dantza taldeak Covidantza sortu du. Berrogoigarren urtemugaren karietarat, martxoaren 20 eta 21ean senpertarrek “Dantz’Hari” ikusgarria eskaini behar zuten. Ospakizuna urrirat gibelatua izan denez, sarearen bidez dantzariek elkartu nahi izan dute: dantzaren plazerrak ez baitu mugarik eta garai hitsetan alegeratasuna hedatu behar baita gure inguruan.

   Covid19 gaitzaren izurritea hasi zenetik 110 bat haur sortu dira Ipar Euskal Herrian, eta baliteke bertze batzuek beren irriñoa agertzea bederatzi hilabeteren buruan…

 

    Lagun onekin orenak labur !