Dallas
Telesail amerikarrak gaitzeko arrakasta zuen haurrak ginelarik eta senpertar guziek bezala frantsesez segitzen genituen Ewing
familiaren gora beherak. Egun batez, Baionan bizi ziren ttantta Gaxuxa izebak eta otto Tomas osaba zenak erran ziguten haiek Dallas eskuaraz ere ikusten zutela, Eskual Telebistaren bidez. Hedabide
berri hortan pilota partidak eta holakoak ere eskaintzen omen zituzten. Dena den, guk Senperen ez genuen Jaizkibelgo seinalea jasotzen eta beraz Texaseko abenturak frantsesez begiratzen segitu
genuen...
ETB ikusteko parada bakarra Azkainen eta Akizen izaten genuen gure ahaideen etxeetarat gaten ginelarik. Amaren sortetxean
entzun genituen pilota partiden oihartzunak eta bertsularien kantuak oroitzen ditugu oraino. Landesetako lehengusuen etxeraino ere ederki heltzen zen eskual xoriaren seinalea, Jaizkibel eta Akize
artean mendirik ez dago eta. Gauzak nola diren! Erdal herrietan ETB ikusgai eta Senperen ezinezkoa.
Heletako feriak
Baxe Nafarroan herri maitagarririk baldin bada, hori Heleta da. Haur denboratik harat gateko ohitura izan dugu ttantta serora
zena, Azkaineko aitatxi zenaren arreba, han bizi zelakoz. Aspaldi du etxekoek ezagutzen eta preziatzen ditugula Heletako pottoka feriak. Hamabi urte nituela, han ezagutu nuen Allande Boutin dohain
haundiko kazetaria, geroago lankidea eta adiskidea bilakatu dena. Ferietan erreportaia egiten zuelarik, gure begien aintzinean amatxi Mañaña zenari elkarrizketa egin zion ETBk Baionan izan zuen zuen
lehen korrespontsalak. 1989ko azaroa zen nik uste. Harritu ginen ez baikenuen sekulan holakorik ikusi. Eta amatxi mintzarazi ondoan, berriketari lan taldea neregana etorri zen bere mikroa eta
kamararekin. Hura izan zen ETBn eman nuen lehen urratsa. Lehen elkarrizketa hamabi urtetan! Bainan gero, hura ere ezin ikusi Senperen!
Luberria
Batekin eta bertzeekin solas eginez, ETB ikusteko antena Urdazubin ezarri zutela jakin genuen Senperen. Azkenean, xoriaren
seinalea Amotze auzoraino heldu zitzaigun. Burasoen etxetik ez baitzen oraino ikusten ahal, aitarekin zonbait proba egin genituen Luberrian, otto Jean Pier osaba zenak orduan zuen etxaldean.
Luberriatik parean ikusten genuen kasko batean zen antena berria. 1994eko udaberria izan behar zen. Gaur egun, ur baradera haundia dago aro berria ekarri zigun Luberrian! Probak egin eta, tresneria
guzia etxerat eraman genuen...eta molde hortan, azkenean, xoria gure etxerat sartu zen. Zer zoriona! Ez dugu sekulan ahantziko! Hau poza! Ez zen Parisetik etortzen ziren kateak bezain ongi ikusten
bainan berdin du...azkenean etxean berean genuen ETB1, euskaraz. Orduan ohartu ginen bigarren katea ere bazela, hori gaztelaniaz ahatik.
Goenkaleko aktoreak, Maddalen Iriarte, Xabier Euzkitze eta Doraemon gure familiakoak bilakatu ziren aitaren batean. Andoni
Aizpuru ere bai, gure laborariek diote Météo-France erakundeak baino iragarpen hobeak eskaintzen dituela. Txuri Beltz eztabaida saioa Joseba Agirretxearekin, Flamingo Berria, Goraintzi...Panpi
Laduche zena, amaren kusina....denak begiratzen genituen eta denbora luzean zailtasun haundiak izan genituen telebista itzaltzeko. Azkenean lorturik, ez genuen eskuaraz zen solas bat bera ere moztu
nahi. Badaezpada....
Bertatik Bertara, SuperBat, Txiskola, Sorginen Laratza, Jaiak, Euskal Herritik, Jaun eta Jabe...atal guti huts egin dugu eta
horien egileak etxekotzat hartu genituen aski laster.
Iparraldearen Orena
Azkaine eta Akizeko ahaideak ikustera gatean, beren etxean ez genuen gehiago baitezpada galdetzen ETB piztea, azkenean gure
etxean ere bagenuen eta. Eskuara doi bat arroztua zuenez, Maite Landesetako lehengusuak zailtasunak zituen zonbait emanaldi segitzeko. Telebista hortan, ahatik, bazen bere amatxi zena bezala kasik
mintzo zen norbait : Guillaume Irigoyen ainiztarra, Iparraldearen Orena saioaren gidaria. Geroago lankidea eta hura ere adiskidea bilakatu dena. Gauzak nola diren!
Guillaume ere familiakoa bilakatu zitzaigun telebistaren bidez. Kasik etxekoen mintzaira zuen eta gainerat gure inguruetako
berriak eskaintzen zauzkigun, zer loria! 1996ko uztailean ezagutu nuen Udako Euskal Unibertsitatearekin ETBk Baionan duen egoitzara bisita egin genuelarik. Hantxe, UEUren ikastaroetan ezagutu nituen
ere Felix Arkarazo aktore eta bikoizketa egile bikaina eta Monika Tubia beasaindarra, geroago lankidea bilakatu dena ETBren albistegietan.
Aintzindaria
Urteetan EiTB zerbait izan baldin bada, aintzindaria izan da. Espainiako telebistaren monopolioa hautsi eta bide berria sortu
zuen. Ahots berria, eskuaraz, alternatiba. Lilura bereziarekin begiratzen ditugu beti lehen emanaldien irudiak. Hainbat ameslarik balentria haundia lortu zuten eta aintzindariak zirenez aterabide
ederrak aurkitzen zituzten beti. Gaur egun, telebistarentzat zuzeneko konexioa telefono mugikor soil batekin egin liteke edozein tokitik. Duela lau hamarkada ordea, askoz zailagoa zen Sevillan
jokatzen zen partidu baten irudiak ETBra iristea. Zaila bai, baina ezinezkoa ez. Espainiarrek emandako oztopoei aurre egiteko, aintzindariei bururatu zitzaien Sevillako seinalea Gibraltarrera
bidaltzea, handik Londresera, Parisera, Bordelera, eta Akitaniako hiriburutik Jaizkibel eta Iurretako estudioetara. Ze gauza ederra. Legea errespetatuz trabak saihetsi eta nahi dena ardietsi. Ez ote
da hori eskualduna izatea?! 40 urtez, holako mila perla daude EiTB gure etxearen inguruan.
Eskual herritarrek atxikimendu berezia erakutsi izan diote beti EiTBri eta askok indar aipagarria egin izan dute ere
errepikagailuak han eta hemen ezartzeko, xoriaren seinalea urrunago eta etxe gehiagotara hel zedin. Aralar mendi kaskoan, eman dezagun, ETB ikusgai izateko Iruñerrian ere.
1992ko udaberrian, anekdota berezia izan zen Garaziko eskualdean ere. Kantonamenduetako hauteskundeen karietara, lehen aldiz Michel Inchauspe diputatu eskuindarrak gehiengoa galdu zuen
bozen lehen itzulian, eta bozen bigarren itzulira joan behar izan zuen. Estreneko aldiz, bankulari garaztarrak lehiatu behar izan zuen bigarren itzulian ere, kasu huntan Koxe Larre abertzalea eta
Frantxoa Maitia sozialistarekin. Bi itzulien arteko kanpaina denboran Intchauspek ez zion elkarrizketarik inori eskaini ETBk Baionan zuen korrespontsalari izan ezik. Baxe nafarrak jakinarazi nahi
izan zuen errepikagailu berria ezarriko zuela Jara mendian ETB Garaziko eskualdean ere ikusia izan zedin. Intchauspek argi zuen pilota partidek, kantaldiek, mezak, Eskual Herriari buruzko eta bertze
zonbait saiok interes eta garrantzi haundia zutela barnekaldeko herritar-bozka emaileentzat. Gainerat, golista zenak azalpen horiek oro eskuaraz eman zituen.
Badu jadanik zonbait urte Ipar Eskual Herriko erakunde publikoek parte hartzen dutela ETBren errepikagailuen sarearen diruztatzean. Kolore ainitzeko hautetsiak izanagatik, eztabaidarik
gabe eta aho batez bozkatzen dituzte dirutza horiek. Hegoaldean maiz ezinezkoa dena guziz ohikoa da Iparraldean...
Kazetaria
1995eko ekainean, azken klaseak hartu nituen Donibane Lohizunen Saint Thomas d'Aquin lizeoan, eta irailean Kanboko Xalbador
ikastegian sartu nintzen Gillermo Etxebarria zenari esker. Ikasturtea bururatzean, 18 urte bete berriak nituela zer ikasketa egin ez nuen batere ideiarik. Orduan, Hur Gorostiaga Euskaldunon
Egunkarian lan egiten zuen kazetaria aurkeztu zidan Gillermok. Gorostiaga deitura ez zitzaidan batere arrotza Naroak eskuarazko emankizuna aurkezten baitzuen Radio France Pays Basque Ipar Eskual
Herriko irrati publikoan. Marie Pierre Erguy Izpurako kazetariak eta Naroa Gorostiagak egunero egiten zuten ordubeteko saioak loriatzen ninduen eta gutitan huts egiten genuen gozamen hutsa baitzen
hura. Frantziako baxoa eta Espainiako selektibitatea gainditu arren, bi urtez jarraian EHUn ez ninduten hartu Leioako kazetaritza fakultatean ez baitzen gehiago tokirik "atzerritarrentzat".
Lapurtar semea
arrotza... nun eta Euskal Herriko Unibertsitatean!
Baionan "Gure Irratia" Lapurdiko eskuarazko irratian hasi nintzen lanean Maite Idirin eta Mattin Carrere zena orduko
arduraduneri esker. Hemezortzi urtetan animazioan hasi nintzen lehenik, berrigintzan geroago. Xipri Arbelbide, Luzien Etxezaharreta eta Mattin Larzabal zenarekin egin nituen lehen urrats emankorrak.
Orduan irabazi nituen lehen hilabete sariak : ordaindua maite nuena egiteko, ze ongi. Geroztik hortan naiz beti. Gure Irratian nintzelarik barnekaldeko lagun ainitz ezagutu nuen : Irulegiko irratian
ari ziren Pantxika Maitia, Marie Agnès Gorostiaga, Bernadette Argain, Pantzo Hirigarai eta Jojo Bidart. Xuberera doi bat ikasteko parada izan nuen ere Xiberoko Botza irratiko lankideekin, hauen
artean Maite Lepaille. "Arra deitzen hait...bip bip bip!" erran zautan lehen solasean. Ta nik hura ez ulertu. Ordutik argi dut eskuara batua behar dugula : kolore ainitzekin egunero aberasten dugun
batua...han ta hemen, pittaka pittaka, musika berezia duten eta bihotzean ditugun tokiko hitzeri lekua emanez, naturalki.
1997an, Haur Kantu Xapelketaren finala Miarritzen jokatu zen eta Gure Irratiko bi kazetariri - Amaia Rekarte uztariztarra eta
neri - ETBk grabatu behar zuen saioa aurkeztea galdetu zaukuten. Hori izan zen, hemeretzi urtetan, ETBn aurkeztu nuen lehen emanaldia.
EiTB-Radio Euskadi
Gure Irratian ari nintzela lehen harreman profesionalak izan nituen EiTBrekin. Aste bateko formakuntza Miramonen. Orduan
ezagutu nituen Jaime Otamendi eta Arantxa Iturbe Goizean Behin saioaren gidariak, bai eta Odile Kruzeta Euskadi Irratiaren zuzendari prestu eta musikazalea. Guggenheim estrenatu berritik saio
berezian parte hartzeko parada izan nuen ere. Radio Euskadik Baionan kolaboratzaile berria bilatzen zuela jakin nuen handik denbora batera. Nere burua aurkeztean, gisa horretan ezagutu nituen Iñigo
Camino eta Julian Beloki orduko zuzendariak eta Senperetik entzuten nituen ahots ezagunak, horien artean, Almudena Cacho eta Natalia Serrano, bertzeak bertze. Kepa Junkera trikitilari ospetsuak Radio
Euskadirentzat egindako sintoniak biziki gustukoak nituen eta noizbait berriz entzutea amets egiten dut.
Euskaltzale sutsua izanagatik nerabezaroan ikasi dudan gaztelania ere asko maite dut. Cervantesen hizkuntza Pierre Hirigoyen,
Paloma Arrizabalaga eta Edurne Manterola erakasleekin eta zonbait bidaien bidez ikasi dut. Eva Caballero, Radio Euskadin La Mecánica del caracol irratsaioaren gidaria eta bikotekidearekin
ere bai. Orain ere ikasten segitzen dut. Gure Irratia utzi eta Radio Euskadin hasi nintzen lanean lagun askoren harridura sortuz. Abentura handi eta arriskutsuetan inoiz sartu izan gabe, aurretik
idatzitako gidoirik ez dut sekulan jarraitu ere. Azalpenik ez bilatu beraz. ETBn lan egiteko ikaragarriko gogoa nuen eta argi nuen Radio Euskadin sartzea bide eraginkorra izan zitekeela. Eta hala
izan baitzen.
EiTB-telebista
EiTBk Baionan zituen korrespontsal guziak egoitza berean bildu gintuzten 1999an, merkataritza ganberaren lehen solairuan. Mari
Karmen Garmendia Eusko Jaurlaritzaren kultura sailburuak, Jose Mari Muñoa ekarpen haundia egin duen kanpo harremanetarako ordezkari langile nekaezinak eta Jean Grenet orduko Baionako auzapez eta
diputatuak inauguratu zuten telebista eta irratietako langileak biltzen dituen egoitza. Elkarlan hasi berriaren garai hortan egin nuen nere lehen bideoa Iparraldearen Orena saioarentzat : Manex
Goienetxe historialariaren elkarrizketa. Handik denbora batera Inma Alvarez lankide eta adiskideak amatasun atsedenaldia hartu zuen eta nik ordezkatu nuen Jaime Otamendik zuzentzen zituen ETBren
albistegietan. 2002ko azaroan zen eta gipuzkoarrak ez zidan probarik egin ere. Elkar ezagutzen genuen eta EiTBren zuzendari guziek zekiten zer ekar nezakeen urteetan nere ahotsa, doinua eta lana
Radio Euskadiren uhinetan entzun zituztelako. Maitasun haundiz egindako eta sekulan ahantziko ez dudan bide oparoa hasi zen orduan.
Prestige
Telebistan pozik nengoen baina irratia uztea kosta zitzaidan piska bat. Irratian kasik dena bakarrik egin dezakezu, autonomia
aski haundiarekin bederen. Telebistan, ahatik, lan taldea kontuan hartu behar duzu beti. Lagun onak egiteko aukerarik ez dut sekulan galdu, eta kazetariak baino, pantailan inoiz ikusten ez diren
produktoreak eta teknikariak goraipatu nahi ditut : Lide Zubia edo JuanMa Escudero (and co) eta zuzenekoak egitera laguntza ematera zetozen kamarak : Eli, Jorge, Mikel, María, Jon...eta egunero
Baionan ondoan izan ditudan Laura Espinosa eta, bereziki, Thierry Roset. Rémi Lonca, eta Benoît Granet zendu berria ere bai.
ETBn hasi berria nintzela ez nuen baitezpada bideo asko ekoizten, hasieran bederen. Ohitura eta erritmoa falta nonbait. Handik denbora batera ordea, Prestige itsas ontzia hondoratu zen
Galiza parean eta isuritako erregaiaren orbanak Akitaniako kostaraino heldu ziren. Arcachon alderat lehenik, Landak eta Lapurdiko kostaldeetarat geroago. Orduan, bideo eta zuzeneko konexio asko
eginez benetako lan harremana sortu zen Ane Miren Lizarralde, Carmen Baroja, Julio Ibarra eta Karmele Elezgarai editoreekin. Joseba Balerdi eta Andoni Arratibelekin ere. Zuzeneko lehen konexioa egin
eta Jorgek egin zizkidan solasak ez ditut sekulan ahantziko : "Hau ongi atera zaik, orain mordoa egin beharko duk!". Gustura nenbilen orduan patxada berezia eman izan baitidate beti Maribel Aizarna,
Joseba Iriondo, Juan Carlos Etxeberria eta Estibaliz Ruiz de Azua aurkezleek.
Ordurako jadanik eskarmentu haundia zuenez, Maddalen Iriarte kalitate arduraduna zen eta gu bezalako gaztetxoei aholku zinez baliagarriak ematen zizkigun beti. Geroago, harreman biziki
hurbila izan dugu biek egunero Azpimarra saioan kronika egiten nuelako. Gehienetan Baionatik konexioak eginez, bertze batzuetan platorat joanez. Ze urte emankorrak!
Azpimarra
Urteetan onena ekartzen saiatu izan naiz beti, gurean, Eskual Herrian, kazetaritzak zubigintza egiten lagundu behar duelakoz
ere. Zintzotasunez beti, kazetaritzak zenbait balio hedatu behar ditu : eskualtzaletasuna, berdintasuna, errespetua, aniztasuna, hurbiltasuna eta holakoak. Lan bat hasi aintzin horiek gogoan izan
ditugu beti. Urteetan mota guzietako erreportaiak egitea egokitu zait : Heletako feriak (nola ez!), herrietako hamar mila kontu, Herri Urrats, Euskal Hirigune Elkargoaren sortzea, ETAren kontrako
hamarnaka operazio, Rodriguez Zapatero eta Perez Rubalcabaren zuzeneko elkarrizketa ETAk bi guardi zibil Capbretonen hil zituelarik edota ETAren armagabetzea bera...
20 urte ezin dira denbora motzean laburbildu. ETBn nintzela bi dokumental ekoizteko zoriona izan dut ere : Gernika Batailoia
eta Estitxu, biak Iban Gonzalez ekoizle handiarekin! Erreportai bereziei dagokienez ezin ahantzi ere Baionaldeko gaskoiei buruz edo Jose Antonio Agirre lehendakariaz egindako pieza luzeak, oraindik
ere YouTuben daukadan katean ikus litezkenak.
ETB maite dut. Bihotzeko zolatik maite ere. Haur denboran ikusi eta gozatu nahi nuen. Nerabezaroan bertan lan egiteko gogoa piztu zitzaidan eta lortu nuen. ETBk poz haundiak eman izan
dizkit. Momentu latzak ere, halaike.
Ez gara gu gehien sofritu izan dugunak bainan ze mina egin zigun ETAk Bilbon gure egoitza berrian bonba jarri zuelarik.
Zorionez, ez zuen nehork min hartu eta egun hortan berean berrisail guziak eskaini zituen gure lan talde bikainak. Urte batzuk lehenago ETAren hurbilekoek sua eman zioten Baionan San Andres plazan
EiTBren irratiek zuten egoitzari. Zergatik eta zertarako? Eskual Herriari sekulan deus ekarri ez dioten horiek ez dute oraindik barkamenik galdetu. Asko isilik eta handik urte batzuetara batere
lotsarik gabe "Je suis Charlie" pankartaren ondoan, yihadista talde batek Charlie-Hebdo astekaria erasotu zuelarik. Adierazpen askatasuna Frantzian bai, Eskual Herrian ez.
Beste arrazoi oso desberdinengatik, min egin zigun, halaber, Patxi Lopez lehendakaritzarat heldu zen garaiak. Gure lana eta
errealitatea batere ezagutu gabe, aspaldian gehiago ikusten ez ditugun zenbait pertsonak, merezi ez genituen oharrak eta irainak aurpegirat bota zizkiguten, haiek ere batere lotsarik gabe. Makurrena
da geroztik ez dugula berreskuratu orduan galdu genuen gurea den tokia.
Dena den, onena ekarri nahian gusturat ibili izan naiz beti ETBn. Nere lanpostuan egin dezakedana berrehun mila aldiz egin izan
dudanez, erronka berria eman nion nere buruari eta 2021eko irailean alde egitea erabaki nuen Urdin Euskal Herri irratia-France Bleu Pays basque Ipar Euskal Herriko irrati publikoan sartzeko.
Norabidez aldaturik ere, EiTB nere etxea izanen da beti, bihotzaren parte bat eta lagun ainitz han baititut oraindik ere. Horietan, Nerea Olaso, Aitor Zabaleta, Andoni Lizeaga, Sonia Hernando eta
bertze frango...
Gainerat, larunbat gauero Ipar Eskual Herriaren oihartzuna hedatzen segitzen dut Radio Euskadin Bego Yebra lankideak zuzentzen duen La Galeria irratsaioan. Eta nork daki, behar bada,
noizbait itzul ninteke erretiroa hartzeko adina urrun baitut oraino...
Etorkizuna dator
Gure etxeari onena opa diodanez, proposamen eraikitzaileak aurkeztu ditut beti. Honenbestez, hona hemen zenbait ideia, gomendio
eta aholku, funtsik gabeko kritika zorrotzak eta merkeak baino proposamen guziz konstruktiboak beti nahiago izan ditudalako. Ekarpen gehienak EiTBren zuzendarien bulegoan daude
idatziz...
Zubigintza, oldar berria
-EiTBk langileen prekaritatearen kontra egin behar du. Egoera larriak daude oraindik eta EiTB ez zen sortu horrelako egoerak
eragiteko.
-EiTBk enpresa barnean aurreratzeko aukera gehiago eskaini behar dizkie bertako langileei. Izan ere, gehienei ez zaie inoiz
inolako perspektibarik eskaintzen eta askok motibazioa galtzen dute bertze ainitzek alde egitea erabakitzen duten bitartean.
-Agenda propia sortu eta landu behar du EiTBk. Estrategia argiagoa izan behar luke eta finkatutako irizpideak errespetatu behar
lituzke. Hurbiltasuna gehiago landu behar du ere.
-EiTBk ez du hain bertikala izan behar. Ardura postuetan daudenek lurraldeetan dauden eskarmentu haundiko profesionalei gehiago
entzun behar diete.
-EiTBk kalitate arduradunaren figura berreskuratu behar du. Profesionala, eskarmentu eta dohai haundikoa. Lankideen lankidea
izanen litzatekeena. Bere ardura : gomendioak ematea, naturalki, eta pantailan-antenan ikusi-entzundako akatsak zuzentzea. Editore eta arlo buruen konplizea izan behar
luke.
-ETB1 eta ETB2ren arteko oreka lortu behar da gaur egungo desoreka iraingarria baita eskuaraz bizi nahi dutenentzat. ETB2 beharrezkoa
da, albistegiei dagokienez bereziki, baina gaztelaniazko entretenimendua ez da hain beharrezkoa eta dirutza hori eskuarari itzuli behar zaio. Ohargarria da bi kateetan baliabide berak erabiltzen
direlarik ere ordutegi hobea ematen zaiola beti ETB2ri. Urteetan sakondu den desoreka herri huntan egin den iruzur haundienetakoa da eta egoera zuzentzea denei dagokigu. Irratietan dagoen oreka bera
telebistan izatea ezinbertzekoa da.
-EiTBk eskuarazko eskaintza hobetu behar du, kopuruan eta kalitatean.
Eskuarazko bikoizketa berriz sustatu eta eskuarazko fikzioa ekoiztu behar du. Harrigarria da bikoizketarekin gertatu dena. Hogoita hamar bat urtez, kalitate haundiko bikoizketa sarea sortu da,
profesional bikainei esker, eta bat batean bizkar eman zaie sektore guztiz estrategikoa delarik.
-EiTBk zenbait gai hobeki landu behar ditu saio bereziak eginez, adibidez, musikari buruz, teknologia berriak aipatzeko edota sexua eta giza harremanei buruz.
-EiTBk presentzia indartu behar du berehala Tik-Tok, YouTube eta horrelako plataforma berrietan, hau da, gazte gehienak dauden euskarrietan. Talentuz betetako lan talde indartsua sortu behar da hedabide horiek elikatzeko. EiTB ez zen bakarrik sortu irratia eta telebistagintzan aritzeko baizik eta Eskual Herria eta eskuara xertatzeko herritarrak ziren tokietan. 80ko hamarkadan FMn eta telebista aintzinean ginen. Orain gure seme alabak haririk gabeko pantailetan daudenez EiTBk horietan eragin behar du.
-EiTBk albistegiak ekoiztu behar lituzke haur eta nerabeentzat Europako telebista publiko ia guztiek egiten duten bezala.
-Marrazki bizidunak gure etxearen ikurrak izan direnez, bada garaia berezitasun hori berreskuratzeko. Ikusle gehien erakartzeko denbora berean, EiTBk marrazkiak eskaini behar lituzke une berean kate desberdinetan. Batzuk haur ttikienentzat, bertze batzuk erdikoentzat, eta menturaz, bertze saio batzuk nerabe izateko bidean direnentzat. Izan ere, haunditzen diren heinean haurrek erdarazko kateetara jotzen dute eskaintzen zaien eskuarazko saio bakarra ez baita batere egokia beren adinari. Neurri hori berehala eman liteke indarrean gasturik gabe ordu askotan ez baita deus eskaintzen ETB4n, adibidez.
-EiTBk Ipar Eskual Herriarentzat duen estrategia zoin den zehaztu eta argitu behar du. Bertan ekoizten diren saioen kopurua
asko apaldu da 40 urtez eta laster 30 urte beteko dituen saio ikurrari ordutegia aldatzen zaio etengabe irizpide argirik gabe. Iparraldearen Orena saioari tokia aurkitu behar litzaioke ordutegi
hobean, behar bada errepikapenak eskainiz ETB4n eta gune indartsua sortuz interneten. EiTBk elkarlana sustatu behar du ere Ipar Eskual Herriko bertze hedabide eta eragileekin.
Goresmenak
EiTB funtsezkoa izan da, da eta izango da. Informazioa eta entretenimendua eskaintzea, eta eskual lurraldeen arteko hurbiltzea
sustatzea gauza ederra da, eskuara hedatuz gainerat. Eta ez bakarrik uhinen bidez baizik eta bizi publikoan ere, denen bistan. Izan ere, munta haundikoa da urteetan hamarnaka kazetari-kamara herri
osoan barna, edonon, eta egunero egunero ibiltzea eskuarazko adierazpenen bila. Funtsezko ekarpen hori gutiegi neurtu eta kontuan hartzen delakoan nago. Alta, ospea eman dio berriz gure
hizkuntzari.
Gaizki erranak barkatu, eta ongi erranak gogoan hartu!
Bide luze eta oparoa EiTB egiten duten-duzuen-dugun guztiei.
40 urte! Zorionak EiTB! Goresmenak
Franck Dolosor Haltza
2022ko ekaina