2017/5/14 Senpereko aintzira, euskararen hiriburua
10 miliun euroren inbertsioari buru egin behar dio Herri Urratsek
Euskararen hiri nagusia izanen da gaur Senpere Herri Urratseko hogoita hamalaugarren edizioari esker. Lapurdiko aintzira ezagunak besta jendetsua eta aldarrikapena uztartuko ditu egun osoan (H)aizu lelopean, hau da “libre” eta denbora berean “entzun”! Aurtengo kantua Amets Arzallus bertsulariak asmatu eta Ken Zazpi taldeak musikatu du. Santa Grazin sortu, Eskiulan bizi eta berriki Zuberoan zendu den amatxi euskaldun elebakarraren istorioa jakinarazi nahi izan du hendaiarrak, euskaldun osoek jasaten dituzten irain eta gaitzespena salatuz. Bere hitzak musikatu dituen talde ezaguna Senperen ariko da gaur eta bere ondoan egonen dira ere Huntza, Otxalde, Zea Mays, Xabaltx edota Anje Duhalde. Haurren hiru txoko, zikiroa zein taloak, bertso, kantu edo dantza saioak ere aurkitu ahal izango dira aintziraren inguruko gune desberdinetan.
Laguntza Seaskari
Herri Urrats musika jaialdi erraldoia baino askoz gehiago dela azpi marratzen dute Ipar Euskal Herriko ikastolen arduradunek. Aurtengo irabaziekin Baiona iparrean eraikitzen ari diren ikastetxe berriaren parte bat ordainduko dute, bertan hamar miliun euroren inbertsioa egiten ari direlako euskaltzaleak, orain arte inoiz egin den proiekturik haundiena. Bernat Etxepare ikastetxearen eraikin berrian bigarren hezkuntza, euskarazko lanbide heziketaren lehen gunea eta barnetegia aterpetuko dituzte. Lanbide heziketaren eskumena duenez Akitaniako gobernuak laguntza emanen dio proiektuari eta jadanik zazpi milioi euro pasa eman ditu mahai gainean Alain Rousset presidente sozialistaren exekutiboak. Gero eta haur gehiago eta etengabeko garapena ezagutzen duenez, Seaskak proiektu gehiago izango du datozen urteetan: duela lau urte Kanbon handitu zuten Xalbador ikastegia berriro haunditu beharko dute eta gauza bera egin beharko dute Lartzabaleko kolegioa, Nafarroa Behera eta Zuberoko ikasle gehiago hartu ahal izateko.
Ikastolak aintzina
Ipar Euskal Herriko lehen ikastola 1969an sortu zen Arrangoitzen 5 ikaslerekin eta gaur egun 3 700 ikasle pasa biltzen dituzten 35 ikastetxetan Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan. Bernat Etxepare lizeo berriak ateak zabalduko ditu irailean 300 ikasle, 30 irakasle eta 20 langilerekin eta datorren urtean berean euskaltzaleek ondoan daukaten lur batean ikastegia handitzeko xedea izango dute. Izan ere, ikastolen garapena etengabea da urtero 200 haur gehiago hartzen baituzte. Gainerat, azken hamar urteetan hamabi ikastola berri ireki ondoren, laster laugarren kolegioa eta ama eskola gehiago sortuko dituzte Bokale, Arbona-Ahetze aldean eta Ainhoan. Euskaltzaleek argi dute proiektuak ez direla falta, ikastolek garatzen eta haunditzen segituko dutela; eta dena posible izanen dela milaka adiskideen laguntzari esker. Gaur egun, 300 000 lagun bizi dira Iparraldean eta horietatik %20 inguruk menperatzen dute euskara. Ikasgela publiko eta pribatu askok ere euskara irakasten dutenez lehen hezkuntzan haurren %44 murgiltze edo sare elebidunetan dabiltza. Datozen egunetan azken ikerketa sozio linguistikoaren emaitzak aurkeztuko ditu 2006an sortu zen Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta orduan jakinen da hiztunak galtzen segitzen denez eta gazteen artean gero eta hiztun gehiago dagoenez aurreko ikerketek erakutsi zuten bezala.
Paxkal Indo Seaskaren presidentearen arabera euskalgintza aro berri batean sartu da joan den urtarrilean elkargoa sortu baitzen Ipar Euskal Herrian eta bere presidentea Jean René Etchegaray Senperen izanen baita gaur Eusko Jaurlaritzako hezkuntza eta kultura sailburuen ondoan. Euskararen aldeko lege babesa, murgiltze eredu bakarraren aitortza eta lege zaharkituen eguneratzea beharrezkoak direla jakinaraziko dizkio gaur Seaskak Frantziako agintari berriari. Duela egun batzuk Emmanuel Macronek adierazi zuen 300 000 ikaslek ikasten dutela lurralde hizkuntza batean eta honenbestez hizkuntz legea asmatu beharko dela “Frantziaren testuinguruari” egokituz. 2012an hizkuntz gutxituen euro agiria berretsiko zutela hitz eman zuen François Hollande hautagaiak baina gero ez du agindua bete bortz urteko agintaldian.
2016/12
“Atlas Geopoetikoa” bilduman agertuko dira senpertarrak.
“Herri ttiki infernu haundi” dio erran zaharrak eta Euskal Telebistako saio arrakastatsuak bainan herriz herri dabilenak perlak entzuteko parada izaten du maiz. Hortaz aspaldi ohartu zen Mixel Etxekopar Gotaineko musikaria, “Zuek heben” proiektuaren arduraduna. Jean-Christian Galtxetaburu musikaria, Patxi Laskarai argazkilaria eta Pierre Vissler soinu-hartzailearekin herriz herri dabil Etxekopar hiru eguneko egonaldiak eginez herriak eta oroz gainetik herritarrak hobeki ezagutzeko.
Orain arte bildu duten uztaren lehen zatia argitaratuko dute urtarrilean Pagola, Arnegi, Hendaia, Barkoxe, Usurbilgo Aginaga, Arrotxapea Iruñeko auzoak eta Berako doinuak lau haizetara hedatuz idatziz eta disko baten bitartez.
Lapurdi 1609 elkarteak gonbidaturik lau lagunak Senperen izan dira berriki eta bigarren tomo batean agertuko dituzte gurean bildu dituzten lekukotasunak. Senperen Kantuz, Arretxea kolegioko gazteak eta Henri Duhaurekin mintzatu dira bertzeak bertze. Egonaldiaren azken egunean bildutako soinu, argazki eta lekukotasunekin, herritarren aintzinean ikusgarria eskaintzeko ohitura dute. Larraldean bildu ziren 50 ikusleak liluraturik etxeratu ziren Etxekopar eta bere lagunek ongi josi baizituzten. Etxekopar bera ere gusturat ibili zen Senperen barna beti plazerrekin etortzen baita, eta ez bakarrik Herri Urrats egunean. Musikaria izanez euskalki desberdinen musika goxoa iduritzen zaio eta “gaki gare” bezalako erranaldiek interesa pizten diote xiberutarrari.
Senperen bertsularitzak indar haundia izan duela gogoratzen du Lapurdi 1609 elkarteak argitaratu duen liburuak. Matxin Irabola, Ganix Halsouet, Xalbador Yarzabal edo Mayi Trecu nor izan ziren eta nolako bertsuak moldatu izan zituzten erakusten du Lekuonaren etxean saltzen duten liburuak. Bertsulari bakotxaren biografia eta zuhaitz genealogikoaren ondoan Zoe Bray eta Paxkal Bourgoinek moldatu dituzten marrazkiak ere ageri dira liburuan. Hogoigarren mendean bertsulari andana izan zen gure herrian, ea gazteek lekukoa hartzen duten hogoita batgarren gizaldian…
“Jo Kako Jo” liburu, disko eta ikusgarria aipalatu ditu haurrentzat Josiane Valenciak.
"Jo Kako Jo!”, haurrekin emozioak lantzeko eta aipatzeko euskarazko liburu eta diskoa plazaratu ditu Elkar argitaletxeak. Josiane Valencia eraskale senpertarra, Bruno Josie marrazkilaria eta Philippe Albor musikaria dira egileak. Josianek asmatu dituen zonbait istorio eta disko bat daude liburuan. Haurrek errexki ikasiko dituzten 5 kantu agertzen dira diskoan. Duela urte batzuk Oskorri taldeak Marie Jeanne Minaberry berriketari bankarra ohoratu zuen “Mari Jan Kanta Zan” lanarekin urteetan zonbait euskarazko ipuin argitaratu baizituen behe-nafarrak. Orain bide bera hartu du Josiane Valenciak: sorkuntzak euskaraz gure ttikienentzat. Senpertarrak badaki argitalpen ainitz badela jadanik gaztetxoentzat bainan erakaslea izanez mota guzietako tresnak behar ditu, emozioak lantzeko ere bai eta guti direnez lanari lotu da helbarrundarra. Argitalpen berrian Kako karakoilaren abenturak proposatzen dituzte Valencia, Josie eta Alborrek. Kurkuila alderantziz ateratzen da bere etxetik eta orduan hasiko zaizkio komeriak.
Erdaldunek ere goza omen dezakete bereziki bi eta 5 urte arteko haurrei zuzendua den ikusgarriarekin. Berriki, Miarritzeko Alsace eskolako ikasle elebidunengana joan ziren eta erdaldunak elkartu zirelarik haiek ere momentu atsegina iragan zutela azpi marratzen du pozik Josiane Valenciak.
Biribil.
Ez da lehen aldia Valencia eta Albor elkarlanean ari direla iaz “Biribil” ikusgarria muntatu baizuten, hau ere haurrentzat. Ikas pedagogia zentroak hamar bat ipuinen bilduma diska eta liburua argitaratu du zuen lehenik, hauek ere Josianek asmatuak. Heziketa tresna berri hunen bitartez gaztetxoek adierazpena landu dezakete euskaraz eri jokoen bitartez bertzeak bertze. Ama eskoletan eta lehen hezkuntzan erabil daiteke Biribil eta jadanik eskuratu dutenek diote euskarri paregabea bezain baliosa dela, ikasteko jostatuz. Ikusgarriak zorion haundia sortzen du. Taulen gainean, zuhaitz xuria agertzen da. Ondoan, Philippe Albor kitar jolea eta Josiane bera, maiz antzerkilari moduan! Beti entseatzen dira publikoa ahal bezain hurbil egotea giro atsegina sortzeko. Hirurogoi bat aldiz eskaini dute jadanik “Biribil” baina egileen ustez bide luzea du oraindik ikuskizun horrek. Kako poliki ibilki da bainan harek ere amesten du bertze horrenbertze egitea…