www.franckdolosor.com berriketaria reporter journaliste periodista
www.franckdolosor.com  berriketaria  reporter   journaliste  periodista

 

Frantziako indefinizio juridikoak zirrikituak eskaintzen dizkio euskararen hedatzeari   

   Ipar Euskal Herriko hizkuntz politika berriari buruzko liburua plazaratu du Eguzki Urteaga soziologia irakasleak L’Harmattan argitaletxearen eskutik. Azken urteetan Euskal Herria eta nazioarteko hainbat gaien azterketan aditu bilakatu da bere hogeita hamaikagarren liburua plazaratzen duen soziologoak. (2020ko otsailean argitaratua)

 

DEIA: Hizkuntz politika hain berria izanda, ze garrantzi du azterketa sakona egiteak?

 

Eguzki Urteaga: 2001tik 2003ra Hizkuntz Kontseiluko zuzendaria izan nintzenez politika horren osaketa eta ebaluaketan parte hartu nuen. Orduan argitaratu nuen gai horri buruzko lehen liburua eta hamabost urtez aldaketak gertatu dira. 2004ean, erakunde ezberdinek Euskararen Erakunde Publikoa sortu zuten hizkuntza politika osatu, ebaluatu eta diruztatze berriak aurkitzeko.
Bi urte geroago EEPk Hizkuntz Politika Egitasmoa osatu zuen lau urteetarako. Horren egitura, helburuak eta edukia aztertzeaz gain, politika horrek eman dituen emaitzak eta aurkitzen dituen mugak, oztopo, aukerak eta erronkak aipatzea ezinbestekoa da.
 
Deia: Nori zuzentzen zaio liburua?

 

Eguzki Urteaga: Irakasle, ikerlari, euskalgintzako kide,  hautetsi, seme-alabak sail elebidunetan dituzten eta oro har euskararen griña dutenentzat idatzi dut. Ipar Euskal Herrian euskarak ez du oraindik aitortzarik eta beraz biziraupena kolokan dago beti ere. Sentikortasun itzela sortzen duen gaia da eta, une berean, adostasun maila esanguratsua dago gizarte zibil antolatuan zein bertako klase politikoan.

 

Deia: Lege babesik gabe benetan bultzatzen eta salbatzen ahal da euskara Iparraldean?

 

Eguzki Urteaga: Frantziako konstituzioaren bigarren artikuluak argiki dio frantsesa dela errepublikaren hizkuntza. Egia da ere, konstituzioaren 75-1 artikuluak adierazten duela hizkuntza gutxituak Frantziako ondarearen zati bat direla, hizkuntza horien irudi patrimoniala emanez. Espainiaren aldean Frantziak hizkuntza-legedi azpigaratua dauka. Hori, ahulgune bat da hizkuntza gutxituak babes juridiko gabe uzten baititu, baina, une berean, indefinizio juridiko horrek zirrikituak uzten ditu. Nahi izan ezkero, eta hori da muga, administrazio publikoek hizkuntza politika sendoa osatu eta martxan jarri dezakete tresna egokiak sortuz eta finantzazio esanguratsuak mobilizatuz. Hori izan da Iparraldeko erakunde eta eragileek, maila batean, egin duten apustua, besteak beste, irakaskuntza elebidunaren eskaintza garatuz eta bertan eskolatuak dauden haurren kopurua emendaraziz. Aitzitik, euskararen aitortza ofizial-eza oztopo ukaezina da eta hizkuntza politikaren handinahia baldintzatzen du.

Deia: Bi abiada al ditu euskarak, barnealdeko herrietan alde batetik eta kostako hiri jendetsuetan bestetik?

 

Eguzki Urteaga: 2016ko inkesta soziolinguistikoaren arabera argi dago euskararen ezagutza, transmisioa eta erabilera modu ezberdinean banatzen direla Iparraldeko eskualdeen artean, barnealdea eta landa eremuak euskaldunagoak direlarik kostaldea eta hiriguneak baino. Errealitate soziolinguistiko horri, irakurketa demografiko bat gehitu behar zaio. Izan ere, plazaratu berri diren datuek diote Ipar Euskal Herriaren biztanleria %9,6 hazi dela azken hamar urteetan, baina hazkunde hori modu ezberdinean gertatu da herrialdeen arabera. Izan ere, Lapurdi eta Nafarroa Beheraren biztanleriak %11 eta %6 handitu diren garaian Zuberoarena %4 jeitsi da. Barnealdeko biztanleriaren zati bat kostaldera joan da ikasi, lan eta bizitzera eta beste zati bat hil egin da zahartzaro prozesuaren ondorioz. Une berean, kostaldean bizi diren biztanle ugari ez da Euskal Herrian jaiotako eta Frantziako eskualdeetatik dator batik bat. Eraldaketa horrek erronka itzela osatzen du hizkuntza politikarentzat.

 

Deia: Zeintzuk dira hizkuntza politikaren erronkak?

 

Eguzki Urteaga: Hizkuntza politika egitasmoa eguneratzea lehenik gaur egun indarrean dagoena 2006an osatu baitzen eta, geroztik, eraldaketa narbarmenak gertatu baitira Iparraldearen erakundetzearekin eta egoera soziolinguistikoaren aldaketarekin. Horrez gain, Euskararen Erakunde Publikoak, bere barne antolaketa eta ibilmoldea hobetzeaz gain eraginkorragoa izate aldera, euskalgintzako elkarteekin dauzkan harremanak berrosatzeko premia dauka, baldin eta larogeita hamarreko hamarkadan osatu zen gobernantza berriari eutsi nahi badio. Era berean, profesional elebidunen kopurua emendatzea ezinbestekoa da, batez ere irakaskuntzaren eremuan, irakaskuntza elebidunaren hazkundea ez oztopatzeko asmoarekin. Halaber, elkarte eskola laikoek, erran nahi baita ikastolek, marko juridiko eta arautzaile berri bat behar dute XIX. mende erditsutik indarrean dagoen Falloux legea bertan behera utziz. Horrekin batera, euskarazko murgiltze eredua irakaskuntza publiko zein pribatu konfesionalean hedatzea ezinbestekoa da, lehenik, haur eskolan zein lehen hezkuntzan, eta, ondoren, bigarrenean. Azkenik, eskola ibilbidearen jarraikortasuna bermatzea berebizikoa da, gaur egun, galera handiak baitaude irakaskuntza elebidunean ikasten duten ikasleak ziklo batetik bestera igarotzen direnean.
 
*********************************************************
 
 
   Solasean Eguzki Urteaga euskal abertzaletasunari buruz idatzi duen liburuaren inguruan:

    Lagun onekin orenak labur !