"Euskal komunikazioaren griña izan dut beti eta nire ttanttoa ekartzen saiatu naiz". Guillaume Irigoyen
Erretiroa hartzeko ordua etorri zaionez, Guillaume Irigoyen (Ainhize Monjolose 1959) kazetariak zuzendutako Iparraldearen Orena albistegiaren azken
saioa eskaini zuen ETB1en 2019ko abendoan. Garaztarra 1993ko udazkenean sartu zen EiTBk Baionan duen ordezkaritzan eta geroztik milaka erreportai ekoiztu ditu. Urteetan lagundu dituen lankideek
hartuko dute Irigoyenen lekukoa eta saioaren zuzendaritza datorren urtarrilean.
Zer izan da zuretzat Iparraldearen Orena?
Lurraldea eta etxe bat. Hogeita sei urtez beti ikasi dut. Abertzalea naiz gaztetik eta geroa gure gain leloa entzun dut eragin nahian laborantza,
politika, kultura, ekonomian eta komunikazioan. Denboran iparraldeko gazteek Parisera begiratzen zuten baina orain gure buruari begiratzen diogu eta gainera molde kolektiboan. Niretzat
estrategikoa zen ETBn sartzea. Maite Barnetche telebistan euskarazko lehen saioak landu zituenak egin zuen lan handiaren ondotik erronka izan zen. Allande Boutinek sortu zuen Iparraldearen Orena eta
utzi zuelarik nik segida hartu nuen Inma Alvarezekin. Ez nintzen kanon guzietan sartzen baina euskal komunikazioaren griña izan dut beti.
Denetik ikusi duzu…
Plazerra da jendea eta lekuak ezagutzea, herritarrekin goxoki mintzatzea eta euskarak hurbiltasun bat ematen digu. Zuzenean egin nuen lehen saioetatik
bat Zuberoan egin nuen, herri sindikatak ETBren errepikagailuak eman zituelarik. Emakinzun berezian belarritakoa erori zitzaidan askotan eta orduko hautetsiak irriz ari ziren mintzatzen hasi orduko
erortzen zitzaidalako. Gero kamara batekin ibiltzea ez da beti errexa izan. Europako gailurra egin zelarik Miarritzen EiTBren egoitza erre zuten eta manifestaldi gogorrak izan ziren orduan. Euskal
komunitatea aski ttikia baita denek elgar ezagutzen dugu. Adiskide laborari batzuen atxiloketak eta lagunak hiltzen direlarik horren berria ematea gertatu zait, eta dorpea da.
Euskal Herriaren aldaketaren lekukoa izan zara…
Asmo argiak genituen gaztetan. Alaba ikusi nuelarik 18 urte baino gutxiagokoen bertso txapelketako finalean parte hartzen Altsasun
zazpi herrialdeetako gazteekin, orduan ikusi nuen zuzen genbiltzala. Gure eredua badabil, bai. Arrazoi genuen eta ari gara zerbait eraikitzen.
Zure saioa Iparraldearen erakundetzearen lekukoa izan da ere mende laurden batez…
Ez nuen sekulan uste izanen erakunde politikoa ikusiko nuenik, ez kazetari ez eta herritar bezala. Lehenago Euskal Herriko Laborantza Ganbara sortu zen
nire sorterrian indar eta arrisku handiarekin bi auzi gogor izan baitziren. Elkargoa aukera ona da Frantziako gobernuaren lehio berezi batean sortu baita, herri askotako hautetsien indarrarekin. Ez
du dena konponduko baina ez dute kenduko eta Iparraldeko gizarteak behar du ondu eta biziarazi. Urrats baikorra da baitakigu Frantzia nolakoa den eta berezitasunik ez duela onartzen. Orain ere
irakaskuntzaren erreforman ez dituzte hizkuntz gutxituak kontuan hartu.
Sagarno egunak, ikastolak, Baionan Kantuz, Olentzero eta Pastoralak, Guillaume, zu beti euskararen inguruan zabiltza?
Nahi baduzu zerbait egin behar duzu euskara ahantzi bota zidan norbaitek hamar urte nituelarik. Ahatik, nire biziak frogatu du alderantzizkoa. Hamalau
urtetan anaiarekin kantuz hasi nintzen eta beti antzerki munduan ibili naiz. Horrek ekarri du kazetari izatea. Behar zen eragin, belaunaldi guziek asko egin dute eta ni ere nere ttanttoa ekartzen
saiatu naiz, kulturan.
Orain masa kritiko euskalduna dago eta itxaropentsua da, halere gure lurraldeak erakargarritasun handia dauka eta pairatzen ari gara. Drama bat da etxeek prezio eroak baitituzte eta lurra urrea
bilakatu baita denetan. Kanpotik jende asko dator, kezkagarria da.
ETBk zer egin behar luke?
Indar handiena euskaran egin behar du, euskararik gabe ez baitago Euskal Herririk. Euskaraz sortu zen eta ez da beldur izan behar euskara berez
unibertso bat baita.
Erretiroa harturik zer eginen duzu?
Familiaz gehiago arduratuko naiz eta formatzen segituko dut nahiz eta adin kanonikoa dudan! Gorputza ere zainduko dut korrika egiten segituz maiz.
Ondorengo Korrikan parte hartzeko nahiarekin, Korrika Euskal Herriarentzat ikaragarria baita, beti neurtzen ez badugu ere…
********************************************************
Guillaume Irigoyen kazetariarekin solas gehiago ondoko erreportai berezian: