(2017-4-13) Itsaso berean, lurralde berean
Gaskoi eta euskaldunen arteko harremanak ez dira beti hain errexak izan azken urteetan baina etorri da garaia eskuz esku aritzeko. Izan ere, bi aldeek hobe dugu denak zutik egotea, jendetasun eta adiskidetasunean. Euskaltzaleak aise uler dezake bretoin, korsikar edo katalanek bihotzean sentitzen dutena ama hizkuntzan mintzo direlarik edo beren hizkuntzaren alde lan egiten dutelarik. Haatik, iduri luke ez dela beti gauza bera gertatzen gure lehen auzokideekin. Alta, ez dira bakarrik auzokoak, gurean bizi diren lagunak baizik. Izan ere Erango eta Angelu artean, Bidaxune edo Baionan bizi diren gaskoiak Lapurdi eta Nafarroa Behereko herritarrak dira. Euskal Herria lurralde konplexu bezain aberatsa da, eta aberastasuna aniztasunak ematen dio. Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeek batasun politikoa erdietsi dute berriki elkargoaren sortzearekin. Tresna berria, bertzeak bertze, euskarari oldar berria emateko, eta agian laguntza ekarriko du ere gaskoiari hats berria emateko.
Angelu aldeko irrati libreak desagertu zirenetik Ací Gasconha elkartearen irrati emanaldia Gure Irratian aireratzen dute. 20 urteko elkarlan oparoa. Bokalen ikastola berria zabaldu nahi dute zonbait familiek eta ondoan Calandreta ere sortzea aztertzen ari dira. Baionaldeko seinaletikaren parte batean hiru hizkuntzak erabiltzen dituzte, frantsesa, euskara eta gaskoia. Gauza bera Baionako besten afitxetan edo zenbait kultur ekitalditan. Euskararen sustatzeari esker gaskoiak merezi duen tokia erdiesten du noizean behin, eta batzuetan Biarnoan edo Landesetan baino gehiago. Dena den, erdi arotik datorren mintzaira kinka biziki larrian dago San Ezpirituko zubiaren bi aldeetan. Gehienetan ondokoei mintzaira irakatsi ez dieten jakitate haundiko hiztun osoak badoaz eta urtez urte gero eta egoera ilunagorat hondoratzen da itsas aldeko okzitaniera.
Denboran, harreman anitz zegoen bi komunitateen artean, merkataritza eta laborantzan batik bat. Gaskoiak eta euskaldunak gaizki moldatzen direla gezurra da, galdetu bertzenaz Bidarrai, Oragarre edo Peiroradeko tratu egileei ala Bastida eta Bardotzeko herritar hirueledunei.
Gaur egun, ikurrinak, lauburuak eta "euskal" edozein zerak begi bistan ditugu nonahi Baionan eta Ipar Euskal Herri osoan. Azken hamarkadetan gorde behar zen nortasuna agerian eman behar da orain edozein pate edo tangan baldin bada ere. Orain den-dena euskal da: kalitate apaleko barnerik eta funtsik gabeko marketina. Honterade deitzen direnek euskal izan nahi dute. Hala balira, Iturriotz lirateke. Txarragoa ote da gaskoia izatea? Duprat eta Camdessus-tarrek Landagoien familien duintasun bera dute, ala ez?
Baionaren erroak gaskoiak direla frogatzen dute bertako artxiboek: urrezko liburuak, katedraleko idazkiek, toponimiak eta duela zenbait urteko prentsa idatziak eta irrati saioek. 400 urtez Baiona aldeko hizkuntza ofiziala gaskoia izan zen, euskarak ez duelarik sekula horrelako mailarik erdietsi. Itsas aldeko okzitanoaren presentzia handia izan zen Gipuzkoan eta Nafarroan ere, eta eragin nabarmena dauka gure mintzairan: "Kadirak eta baxerak xekatzen ditut, sustut. Lehenik krakada eta gero potta". Harremanen lekuko ditugu ere Camblong euskaltzaleak, Ducassou pilotari trebea, Crouspeyre mahastizainak edo Riouspeyrous kantari zoragarria; hibridoak ahantzi gabe: Lantabat edo Larrebat bezala, larre eta vath, ibarra alegia. Gaskoizaleak eta euskaltzaleak itsasontzi berean gabiltzanez ibilibide hobea egin genezake elgarrekin, elgar adituz eta munta haundiko proiektuak gauzatuz. Gaskoi hiztun osoak berriz lortzea zaila izanen dela argi da. Dena den duela 50 urte nork erranen zuen 35 ikastola eta hainbertze ikasgela elebidun izanen zirela Ipar Euskal Herri osoan? Norbaitek amesten ote zuen bi urtetik behin Xilaba bezalako goi mailako bertsu hitz ordurik ospatzea? Baionako Port Neuf eta Pannecau karriketan ez da gehiago gaskoierarik entzuten gaur egun baina bertako historia eta hondarea ezagutarazten ahal lirateke bederen.
Elkarlanerako lehen urratsak emateko aitzakia izanen dugu laster: Xarnegu Egunekin Bardoze aldean eta Maiada Angeluko gaskoi jaialdiarekin. Plavenguts a tots! Ongi etorri deneri!
(2016/12/19-8h00)
Luhuson atxilotu dituzten 5 lagunak Pariserako bidean daude, goizeko zortzietan atera dituzte Baionako polizia etxetik Miarritzeko aireporturat joateko. Iduriz, asteartean deklaratuko dute epaile baten aintzinean. Beren aldeko elkarretaratzea egin da igande eguerdian Donibane Garaziko herriko etxearen aintzinean. Astelehen arratsean 19:00 bilera bat eginen dute eragileek mobilizazioari nolako segida emanen dioten aztertzeko. 19h00 ere bi elkarretaratze eginen dira Donibane Garazi eta Luhuson hainbat herritarrek deituta.
Frantziako hedabide nagusiek "imbroglio" hitza, nahasmena erabili dute operazioa aipatzeko. GreenPeace Frantziako sailak elkartasuna erakutsi dio atxilotu bati eta horrek kritika soka luzea sortu du sare sozialetan.
Jean Lassalle Ipar Euskal Herri barnealdeko diputatu zentristak ikerketa batzordea sortzea asanblea nazionalean galdetuko du Luhuson gertatutakoa aztertzeko. Berria egunkariaren arabera, ETAren armen 9 kaxa desegin behar zituzten Luhuson.
Luhuson atxilotu dituzten 5 lagunei sostengu zabala eta anitza erakutsi diete larunbat honetan egun osoan.
13:00 Iparraldeko talde, sindikatu eta alderdi desberdinetako ordezkariak bildu dira Baionan, tartean ELA, CFDT, CGT, LAB, Berdeak, Anne Marie Bordes kazetaria eta Bake Bidea taldeko bozeramaileak. Atxilotuen lekukoa hartzeko prest direla adierazi dute. Beren hitzetan ez da ETAren kontrako operazioa gizartea eta bakearen kontrakoa baizik.
15:30 Iparraldeko hautetsi nagusi gehienek agiri bateratua idatzi eta irakurri dute, tartean egon dira Iparraldeko bi diputatu sozialistak, Baiona eta Biarritzeko alkate zentristak, Pirineo Atlantikoetako departamenduko kontseiluko presidente orde eskuindarra (LR) Les Républicains, Berdeak, EH Bai ...
Sostengu osoa erakutsi diete atxilotuei gehienek Aieteko konferentzian parte hartu baitzuten eta ekimena horren jarraipena gisa ikusten baitute.
Estatua elkorra denez Baionako diputatu gisa, Colette Capdeviellek erran du bere tokia gizartearen ondoan dagoela. “Herritarren ordezkariek kalera atera behar dute. Agian operazioa aukera bat da 5 atxilotuak oso ezagunak baitira bakearen alde egindako lanagatik"
Max Brisson. Pirineo Atlantikoetako departamenduko kontseiluko presidente orde eskuindarra (LR) Les Républicains.
"Estatuak ezer egiten ez duenez gizarteak hartu du ardura bake prozesuaren alde eta atxilotzen dituzte”. Sentsibilitate guztietako hautetsiek estatuei galdetu diete inplikatzea bakearen alde. “Asko sofritu da, bukatu behar da, bakea nahi dugu". Ezkerreko gobernuak armen desegitearen aurka agertzea deitoratu du.
16:00 Aspalditik ikusi ez zen manifestaldi jendetsua egin da Baionako karriketan. Lehen lerroan hainbat traktorek zabaldu dute bidea.
Bertan parte hartu dute EAJ eta EH Bilduren hainbat ordezkarik, hauen artean Joseba Agirretxea, Pako Arizmendi eta Luke Uribe Etxeberria, Maddalen Iriarte, Jon Iñarritu eta Bakartxo Ruizek.
ELA eta LABeko arduradun nagusiak Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaide ere bertan egon dira
18:00 Eiheralarren Stéphane Etchegarayren etxea miatu du poliziak kazeta.eus ataria eta Euskal Irratiak sarearen arabera.
Guardia Zibilak eta Frantziako poliziak 5 lagun atxilotu zituzten Luhuson ostiral gauean.
Guardia Zibilak dio armak eta lehergailuak aurkitu dituztela armategi garrantzitsu horretan.
Bruno Le Roux Frantziako barne ministroak agenteak zoriondu ditu kolpe gogor bat gehiago delako ETAren kontra. Borroka horretan segituko dutela gehitu du ministroak. Bere hitzetan inork ezin du bere burua arma desegile gisa izendatu.
Euskal Herrian beste informazioa zabaldu dute atxilotuen hurbilekoek: ETAren armen zati bat desegin nahi zutela eta Frantziako gobernuak horren berri zuela.
Polizia gezurretan ari dela salatu du Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligaren presidenteak. Bere hitzetan atxilotuak ez zeuden ETAren menpe. Atxilotuen artean zegoela zabaldu zen hasieran bilkuran parte hartu behar zuelako baina azkenean ezin izan zuen joan.
Ikusiz armagabetzean ez dela urratsik ematen, gizarte zibileko ordezkari hauek beren burua eskaini zuten laguntza emateko.
Lehenik euskaraz eta gero frantsesez idatzitako gutunak elkartrukatu dituzte ETArekin.
Talde armatua ados zegoela irakur liteke Mediabask egunkari digitalak argitaratu dituen agirietan.
Bost atxilotuak oso ezagunak dira Ipar Euskal Herrian:
-Michel Berhocoirigoin Euskal Laborarien Batasuna sindikatua eta Euskal Herriko Laborantza Ganbera elkartearen sortzailea eta burua izan da.
-Michel Bergouignan Baigorriko mahastizaina da, Irulegiko sotoaren buru ohia. Makean bizi denez bertako herriko kontseiluak sostengua erakutsi dio ohar baten bidez. Podere publikoei jarrera eraikitzailea izatea galdegin diete hautetsiek.
-Txetx, Jean Noel Etcheverry, Bizi talde ekologista eta altermundialistaren kidea da. Manuel Robes fundazioaren langilea da Baionan. Demo mugimenduaren sortzaile eta militantea izan zen.
-Béatrice Molle, Luhusoko etxearen jabea da. Mediabask astekariaren kazetaria. Radio Euskadiko korrespontsala izan zen Baionan 80 eta 90eko hamarkadetan.
-Etxe, Stéphane Etchegaray. Musikaria eta kamara. Ostiraleko bilkura grabatu behar zuen.
Operazioaren berri izan bezain laster hamarnaka militante elkartu ziren ostiral gauean Luhuson. Atxiloketak larunbat goizaldeko 5etan bukatu ziren auzokideen arabera. Etxean jada ez dago inor ez eta poliziaren zainketarik. Atxilotuen ibilgailuak besterik ez dira gelditzen. Atxilotuak Baionako polizia etxera eraman zituzten.
Atxiloketek erreakzio soka luzea ekarri dute:
Frédérique Espagnac senatari sozialistak sostengu osoa erakutsi die Txetx eta Berhocoirigoini bakearen alde lan egiten baizuten bortizkeriarik gabe.
José Bové sindikalista eta eurodiputatuak eta Gilles Simeoni Kortsikako presidenteak atxilotuak aske uzteko eskatu dute. Gérard Onesta Europako Parlamentuko presidente orde ohiak deitoratu du gobernua pozik dela ETA armarik gabe uzten ari ziren bakezaleak atxilotu dituelako.
(2016/10/01) Hartu hitza eta mintza
Kontuan hartu ez ziren boz guzien zenbaketak ezustekoa sortu du EAJren hogoita bederatzigarren aulkia EH Bilduren eskuetarat pasa baita azkenean. EAJk 28 aulki dauzka orain, EH Bilduk 18, Elkarrekin Podemosek 11, PSE-EEk 9, PPk 9...eta Albert Riveraren laguntxoek 0! Aulki baten aldeak gehiengoen jokoa aldatu du arrunt, boz bat boz bat baita.
EAJk lehendakaritza eskura lezake sozialisten babesarekin baina aurrekontuak eta legeak onartzeko popularren laguntza ere behar luke gero. Zaila, ia ezinezkoa. Baina boz bat boz bat baita batzuk eta bertzeek abantailak atera ditzakete egoera honetatik. Rajoyzale bat edo biren laguntza jeltzaleei Gasteizen eta trukean 5 jeltzaleen babesa Madrilen gehiengoa osatzen ez dakienari. Boz bat boz bat baita. Eta denetan denen beharra baita orain.
EAJk gehiengoa lor dezake ere Elkarrekin Podemosekin baina Pablo Iglesiasen lagunek aintzinatu dute jeltzaleei ez dietela babesik emanen.
Panorama berrian, ortziral goizean baino indartsuagoa da orain EH Bildu. Pozik, "Zor18nak" diote ainitzek. 18 aulki, berriki arte EAEn agintzen zuten PP eta PSE-EE bezainbat, EAJk baino 10 gutxiago. Igande gauean bertan Otegik berak erran zuen: "17 aulki, behar bada 18"... eta boz guzien behin betiko zenbaketak bete dute elgoibartarraren ametsa. Berea eta bertze ainitzena.
Zer gertatuko den orain? Geroak erranen, boz bat boz bat baita. Galdetu bertzenaz Arabako EAko kideei, denboran aulki bat eskuratu baizuten boz bati esker!
Zailtasunak zailtasun, politikan deus ez da ezinezkoa. Lapurdiko herri ezagun batean, 10 hautetsi erdietsi zituen zerrenda batek eta bederatzi oposizioak. Azkenean, alkatetza "oposiziokoek" eskuratu zuten 10-9 emaitza 9-10 bilakatu baizen aitaren batean nork daki zeren truke. Madrilgo autonomia erkidegoan ere traizio bera jasan zuten boz emaile ezkertiarrek duela urte batzuk. Madrilgoa begi bistakoa izan zen baina Lapurdin izandako afera ez da sekulan argitu. Batzuk mokoka ari dira oraino aintziraren bazterrean...boz bat boz bat baita.
1992an Marie Christine Blandin ekologista Frantzia iparraldeko eskualdearen presidente izendatu zuten. Lehen presidente berdea izan zen 5 aulkirekin bakarrik. PSFk gehiengoa galdu zuen. Ezkerrak gehiengoa atxiki zuen ekologistei esker, baina trukean sozialistek presidentzia oparitu behar izan zieten. Politikan deus ez baita ezinezkoa. Pentsa zer gertatuko zen EAEko 2009ko hauteskundeetan Aralarrek aulki pare bat gehiago lortu izan balu...
2014ko udal hauteskundeen bigarren itzuliaren gauean Mathieu Bergé sozialista negarrez agertu zen Baionako herriko etxean. Kanpaina sutsu, herrikoi eta zabalaren ondotik, PSFk alkatetza ez zuen irabazi 26 bozengatik. Boz bat boz bat dela ikasi zuen behar bada orduan beren zerrendaburuak.
Pirineo Atantikoetako Kontseilu Nagusiak ere tentsio handiko bozketak ezagutu ditu. Ezkerrak hauteskundeak irabazi zituelarik lehen aldikoz, ustegabean, PSko bi hautetsi biratu ziren, eta nola. Arrosaren alderdiak Paueko alkatetza ez zion eman bati eta bertzearen arrazoinak ez ziren sekulan argitu. Gerriz azpikoak omen. Hala salatu zuten bere bidai-lagunek berek. Kontuak kontu, bat batean 28-24 bilakatu zen 26-26 eta hiru berdinketen ondotik presidentzia zaharrenari eman zioten, hau da Jean Castaing eskuineko hautagaiari. 23 aulki zituen zentro-eskuinak gogo onez hartu zituen bi transfuga eta ezker abertzaleko ordezkari bakarraren babesa.
Argi dago boz bat boz bat dela, han eta hemen, Araban gehiago oraindik behar bada. Beraz hartu hitza eta mintza, boz bat boz bat baita.
(2016/09/26) Bigarren itzulia...
Hauteskundeen bigarren itzulia hasi da EAEn baina herritarrek ezin izanen diote babesik eman edo kendu gobernagarritasuna bermatuko duen aliantzari, Ipar Euskal Herrian gertatzen den bezala.
Kezka eta zalantzak nagusi direlarik, aniztasunaren bitartez, herritarrek egonkortasuna hautatu dute. EAJk 29 aulki bereganatu ditu (+2), EH Bilduk 17 (-4), Elkarrekin Podemos estrenatu berriak (11), eta PSE-EEk eta PPk 9 bakoitzak (-7) eta (-1) hain zuzen. C's ez da legebiltzarrerat sartuko bi legealditan UPyDk lortu zuen bezala.
Europako autonomia haundienetako 10 bozka emaileetatik 4 etxean egon ziren halere. Gogoetatzekoa.
Hauteskundeak aise irabazteaz gain, EAJ pozik egon liteke eskuak libro dituelako gehiengoa lortzeko nahi duenarekin: sozialistekin, EH Bildurekin edo Elkarrekin-Podemosekin. Posta bidezko bozkak doi doia alda omen lezake emaitza orokorra halere. Laster ageriko sozialistekin egin liteken ituna beti egingarria izanen denez.
Erabakitze eskubidea gogo desberdinekin sostengatzen dutenak 57 dira. Bertzeak 18. 2009an elgarrekin aginterat heldu zirenak apal daude. Eta euskararen kontrako mezuek ez dute boto gehiagorik ematen. Izan ere, herritar gehienek argi dute erdara dela nagusi kanpainak eta atzoko hauteskundeen gauak erakutsi duten bezala.
EAEko 250 herrien artean, lautan bakarrik garaile dira, euskal abertzaletasunaren inposizioak kritikatzen dituztenak. Ia alde guztietan apaltzen dira sozialistak eta popularrak. PSE-EEk 86 000 boz pasa galdu ditu eta PP apaldu da Araban ere, Arabako Errioxa barne. Galiziako garaipena bertzerik ezin dute ospatu Rajoyzaleek.
Bakea eta normaltasun demokratikoak goraipatu dituzte asko eta askok, ahantziz bigarren indar politikoaren lehendakarigaiak ezin izan duela bere burua aurkeztu. Horrek bakea urruntzen duela adierazi dute Sylviane Alaux hego Lapurdiko diputatu sozialistak eta Max Brisson eskuindarrak. EH Bildu bigarren indarra da beti baina %16,4 gutiagorekin garailearen aldean.
Eta hauteskundeetan maiz denak garaile direnez Pablo Iglesiasek berak azpi marratu du estatu mailako lehen indarra dela Elkarrekin Podemos. Indartsu, 11 aulkirekin baina iragarria eta uste zena baino anitzez gutiagorekin.
75 legebiltzarkideen artean, lehen aldikoz gizon baino emazte gehiago izanen da. Ardura postuetan ere gero?
Nafarroa Garaiko aginterat heldu zen itun anitza garaile izan da EAEn ere, eta nola: %76! Noiz jakinaraziko dituzte EAEko bigarren itzuliaren behin betiko emaitzak?
Gogoeta gosaltzeko (2016/9/21)
Euskal Autonomia Erkidegoa eta Galiziako hauteskundeak direla eta, egun hauetan Espainiako telebista publikoak hautagaien eta adituen elkarrizketak eskaintzen ditu luze eta zabal goizero "Los Desayunos" saio berezian. Emankizunak zuzenean ematen dituzte Bilbotik eta Santiagotik Espainiako erresuma osoarentzat. Frantziarrek eta espainiarrek argi dute beren eremua zein den eta arreta non eman behar den. Nolako baliabideak erabili behar diren ez dute zalantzarik.
EiTB, Berria, Gara eta Noticias taldean mapa bera erabiltzen dute eguraldiaren iragarpenaren berri emateko, Euskal Herriko zazpi lurraldeena hain zuzen. Eremu horretako albisteak, ordea, ez dituzte neurri berean aztertzen, hauteskundeak adibidez. Agenda propioa sortzen eta lurraldetasuna nola lantzen diren erakusten adituak dira Parisen eta Madrilen. Badugu non zer ikas
Mugak...konplexuak (2016/9/19)
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen kanpaina dela eta, euskal lurretan agertu dira egunotan Mariano Rajoy, Pedro Sanchez, Pablo Iglesias eta Albert Rivera beren alderdietako lehendakarigaiak sostengatzeko. Eta ez da batere argi Espainia gobernatu ezin duten lau gizonen agerraldia lagungarria edo kaltegarria ote den beren euskal sukurtsaletan dauden hautagaientzat.
Kontuak kontu, euskaltzaleek gutxitan erakusten duten koherentzia agertzen dute berriz ere frantziarrek eta espainiarrek. Euren mugak non dauden argi dute, egunero, eta konplexurik gabe.
EH Bilduk Bilbon egin duen ekitaldian agertu da Bakartxo Ruiz euskal koalizioak Nafarroako parlamentuan duen legebiltzarkidea. Baina horrelako adibide gutxi dago euskal politikan. Noiz ikusiko ditugu Bilbo, Gasteiz eta Donostiako alkateak kanpaina egiten Urruña eta Donibane Lohizuneko jeltzaleekin? Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte etxez etxe ibiliko ote dira Baigorrin barna bertako ezker abertzalea laguntzeko ondoko hauteskundeen kanpainaren karietarat? Iñigo Urkullu lehendakariak Nafarroako jeltzaleak publikoki sostengatu ote zituen foru hauteskundeetan? Eta zergatik Nafarroa Garaiko presidente orde jeltzaleak Manu Aierdik ez du parte hartzen orain EAEko kanpainan?
Ingerentziarik ez dute nahi seguraski, eta berez xede ona izan liteke. Baina berriz ere nork dio ingerentzia dela? Euskal Herriko parte batean egiten den lana eta kudeaketa ez ote dira erakusten ahal bertze euskal lurraldeetan? Nork dio ezetz?...