www.franckdolosor.com berriketaria reporter journaliste periodista
www.franckdolosor.com  berriketaria  reporter   journaliste  periodista

 

   Itzalean ikusi, omenaldia zuhaitzei…

   Zigor eskultorearen lanak ikusgai egon ziren Miarritzen 2018ko udaberrian

 

   Kepa Akixo Zigor eskultorearen lanak mundu osoan barrena ikus litezke: Paris, Sydney, New York edo Washingtonen. Miarritzeko itsas erakustokiaren ondoan edo Angeluko Barran ere bai.

   Miarritzeko Bellevue aretoan 300 pieza biltzen dituen Itzalean Ikusi erakusketa aurkeztu zuen Zigorrek 2018ko udaberrian: argazkiak, marrazkiak, margoak eta zizel lanak. Zuhaitzei egindako omenaldia moldatu nahi izan du artistak. Izan ere, zuhaitzek daukaten indar poetikoa ahaztu dela edo ez dela gehiago sentitzen deitoratzen du Zigorrek. Bere ustez, indarra barnean zeukaten jadanik, enbor, adar eta hostoekin baina gaur egun hori sentiarazteko izugarriko zailtasunak daudela dio Aretxabaletan (Gipuzkoa) sortu eta duela mende erdia Miarritzen finkatu zen eskultoreak. Zurezko lanak hunkitzea gomendatzen dio beti bisitariari. Zura eta formak hunkitu eskuekin, eta bihotzarekin.

Nortasuna

   Jaiotzez gipuzkoarra izan arren, oso miarriztarra ikusten du bere burua Zigorrek, besteak beste, Lapurdi kostaldeko jendeari, itsasoari eta uhainei biziki lotua sentitzen baita. Frankismo ilunetik ihes egin zuen minutu oro itsasoak ferekatzen dituen arkaitzen ondoan finkatzeko. Artearen bidez Miarritzen bertan ezagutu eta bere kabuz landu du askatasuna.

    Platanoa eta haritza lantzen ditu batik bat, haritz berezia: artea. Platanoak enbor ikaragarriak dituenez bolumen handiak moldatzeko aukera eskaintzen dio gipuzkoar-lapurtarrari. Autodidakta den artistak aurretik marrazten ditu obra guztiak inprobisazioari lekurik utzi gabe.

Zubiak

   Eremu askotan dabil beti Zigor baina bere lanetan gehienetan agertzen dira oihana, mendia, eta itsasoa. Kontenplazioa, poesia eta marraztea dira bere inspirazio iturri nagusiak. “Inguruan ditudan bazter eta jendeak begiratzea gustatzen zait” dio Zigorrek.

   Munduan barrena barreatuak diren lan guztiak euskaratik eta euskaraz landu dituela dio Zigorrek ama hizkuntzari garrantzi haundia ematen baitio. Dena dela, bere artea beste hizkuntzetan aipatzeko ez du inolako arazorik garrantzitsuena jendeen arteko zubiak eraikitzea baita, inguruan dauden beste hizkuntzen bidez. Hain berea duen irriarekin zubigintzan ari da beti artista. Eta arrakasta lortu du aldi honetan ere hamar mila bisitari baino gehiago joan baitira jadanik bere erakusketa preziatzera, adin eta jatorri guztietako jendea. Denentzat irriñoa eta hitz bat badu beti eskultoreak. Eta erantzuna ezin da hobea izan askok erakusketa gehiago ikusi nahi baitute gero. “Bisitari askok diote laguntza ematen diedala erraztasun handiarekin abstrakzioan sartzeko. Hori oso ona da!”

   Zigorrek erakusketa biziki gutxi apailatzen du, sei urtetik behin bakarrik. Nazioartetik zenbait gonbidapen jaso ditu baina hurengo hilabeteetan bake piska bat nahi luke lanean segitzeko Miarritzen etxearen ondoan duen tailerrean. Izan ere etengabeko bilaketan eta gogoetan dabil, adibidez, gurutzeen inguruan. “Gurutzeak lantzen ditut ez baitut oraindik itzuli osoa egin! Bi gauza bakarrik ikusten dira maiz: horizontaltasuna eta bertikaltasuna. Bainan baditu zenbait bazter ezagutu beharrekoak. Ari naiz oraindik bilatzen…”

    Lagun onekin orenak labur !