www.franckdolosor.com berriketaria reporter journaliste periodista
www.franckdolosor.com  berriketaria  reporter   journaliste  periodista

 

   Ttiki ttikitik biziki gustukoak izan ditut komunikabideak, ikus entzunekoak bereziki: telebistaren dirdira eta irratiaren zuzeneko lotura, irudimena eta xarma. Aktualitatea segitzea, Euskal Herriko eta mundu zabaleko gertakariak jakitea eta ulertzea betidanik gustatu zait.

 

   Hemezortzi urtetan kazetari bilakatzea erabaki nuen lanbide interesgarri hunekin euskara hedatzeko bide egokia ikusi bainuen. Gauzak ikastea, ulertzea, jakinaraztea eta ulerraraztea gustukoa dut. Bozgoragailurik ez duteneri hitza ematea eta bertze hedabideek erraten ez dutena erakustea beharrezkoa iduritzen zait.

 

Herriz herri

 

  1996az geroz, herriz herri, auzoz auzo, etxez etxe ibiltzen naiz milaka eta milaka kilometra eginez, ainitzetan etxetik urrun. Dena den loriatzen naiz beti, egiazki! Ibilaldi zinez atsegina da, lehen baino aberatsagoa bainaiz orain.

 

   Aberastasuna ez du diruak ematen. Hori lehen ere banakien, eta orain horren froga badut. Ez da jendeekin mintzatzea bezalakorik. Toki anitzetan ibiltzeko eta maila guzietako jendeak ezagutzeko parada izan dut. Parada eta gogoa.

 

Biziki pozik

 

   Zonbat lagun ez dut ezagutu urte oparo hauetan? Euskaldun andana eta erdaldun ainitz ere bai. Denekin pozik! Maila guzietako hautetsiak edo ordezkariak, artistak, kirolariak, jendarte eragileak edo ekonomia munduko lagunak, nere ideietatik edo bizimoldetik urrun diren jende frango...

 

   Denekin gusturat ibiltzen naiz. Halere, plazer gehiago izaten dut bistan dena jende xehearekin mintzatzen naizelarik. Dirdiratik urrun, askoz hobe! Errorik gabeko mundu iheskorra eta faltsua, ez milesker. Jendetasuna zer den dakitenekin ongi naiz ni.

Pariseko Eskual Etxean 2012ko martxoan, Izarrak taldea eta Thierry lankidearekin, Euskal Herrian dugun kameramana hoberenarekin!

    Lagun onekin orenak labur !