www.franckdolosor.com berriketaria reporter journaliste periodista
www.franckdolosor.com  berriketaria  reporter   journaliste  periodista

 

   Ipar Euskal Herrian aspaldi ikusi gabeko mobilizazioak egon dira egunotan Frantziako hezkuntza sailak oztopatu baitu euskaraz osoki aritu behar zuen ikasgela baten zabaltzea Hiriburuko Baste Quieta eskola publikoan bertako hizkuntza frantsesa dela argudiatuz. Egoerari irtenbidea aurkitzeko, Iparraldeko hautetsi nagusienek bi batzar egin dituzte: Parisen hezkuntza ministeritzako arduradunekin eta Hiriburun ikasleen guraso eta irakaskuntzan euskara sustatzen duten talde guztiekin. Bietan parte hartu du Alain Iriart Hiriburuko auzapez euskaltzaleak. (2020ko irailean argitaratua)

 

DEIA: Murgiltze ikasgelarik ez duzue lortu aurten. Noizbait izanen ote da?

 

Alain Iriart: Nik itxaropena atxikitzen dut. Erabaki harrigarria bezain ulergaitza da ikusiz zer lan egin genuen guraso, irakasle eta hezkuntza sailarekin. Denak ados ginen. Hezkunde Nazionalaren irizpideak segitu genituen proiektua sortzeko eta arauak bat batean aldatu dituzte. Irekitzeko baimenaren zain ginen eta azkenean ezetza eman digute Frantziako konstituzioaren bigarren artikuluak diolako errepublikaren hizkuntza frantsesa dela. Beste artikulu batek dio hizkuntz gutxituak errepublikaren ondare direla. Parisera joan gara erakustera 20 urtez egin den lana euskara sustatzeko irakaskuntzan gobernua bera, Akitania eta Pirinio Atlantikoetako kontseilua, Hirigune Elkargoa eta herriekin. Gaur egun, B ereduaz gain irakaskuntza publikoan murgiltze 19 ikasgela daude eta guk bat gehiago nahi genuen. Ezezko borobila kolpea da. Gaur arazoa Hiriburun dugu baina heldu diren urteetan beste herrietan ere gauza bera gerta liteke.

 

DEIA: Parisen ulertu dute zuen aldarrikapena?

 

AI: Entzun gaituzte baina beste arazoak dauzkate frantsesaren maila apaltzen ari baita hainbat tokitan. Baina Euskal Herrian horrelakorik ez dago Hezkuntza Sailak berak egin dituen ikerketek erakusten baitute ikasle elebidunek elebakarrek baino emaitza hobeak lortzen dituztela. Parisek ezin du faltsua den argumentu horren gainean oinarritu. Ideia hori helarazi genien Vincent Bru diputatu zentrista, Frédérique Espagnac eta Max Brisson euskal senatari sozialista eta kontserbadorearekin. Denak elkarrekin euskararen onetan ari gara elebitasuna eta murgiltzea nahi dugulako eskola guzietan. Hiriburun ikastola bat eta bi eskola publiko daude eta horietako batean B eredua eskaintzen dute 2018tik. Gure herrian dagoen eskola pribatuak irakaskuntza elebiduna eskaintzen du ere. Euskara salbatu nahi badugu, hautetsiek eta euskaltzaleek sail guztiak sostengatu behar ditugu. Begi onez ikusten dut Seaska, Euskal Haziak, Ikas Bi eta Biga Bai taldeek bat egin izana gure elkarretaratzean. Mintzatzen eta proposamenak egiten segituko dugu, fermuki.

 

DEIA: Udaberrian Hiriburuko auzapez hautatu zintuzten laugarren aldiz…

 

AI: Gure taldea berritu eta gaztetu dugu. Baiona eta Miarritze ondoan gaude eta gero eta herritar gehiago Hiriburura dator bizitzera. Bost mila biztanletik sei milara igaro gara azken hilabeteetan. Bizi kalitatea nahi dute, ez arras hiria eta ez arras baserrigunea. Hirigintza arloan geldialdia egin behar dugu Lapurdiko kostaldean jende asko dagoelako. Mugikortasun arazoak daude gero eta auto metatze gehiagorekin bereziki. Edozein hirigune bezalako lurraldea bilaka gaitezke eta hori ez dugu nahi. Ingurugiroari kasu eginen diogu eta jarduera guziak zaindu behar ditugu. Estatua eta departamenduaren laguntzak apaldu direnez euro bakoitzari kasu egin behar diogu. Herritarren beharrei erantzuteko Hirigune Elkargoarekin elkarlana handitu behar dugu ere.

 

DEIA: Zeintzuk dira hiru urte bete dituen erakunde horren erronkak?

 

AI: 20 eskumen bere gain hartu dituenez, orain indartu behar dugu. Ekonomia, ura, euskara…politika publiko berak indarrean ezartzen ditugu orain Ipar Euskal Herri osoan. Ingurugiroari kasu egin behar zaio eta ekonomia sustatu behar dugu gehiago tokiko ekoizpenei laguntzak emanez.  Garraio publikoaren eskaintza indartu behar da autobus eta tren zerbitzuak hobetuz. Herrigintzari dagokionez, elkargoak tresnak eskuetan dauzka jadanik. Nolako lurraldea nahi duen gogoetatu eta erabaki behar du etorkizun hobea prestatzeko.

 

DEIA: Osasun krisiari buru egin behar diezue ere…

AI: Beste lurraldeetan baino kasu gutxiago dugu oraingoz. Ene arrangura da jendeek lana galtzea diru gutxiago izanen baitute. 
Egoera hurbiletik begiratu beharko dugu. Indartsuenek aintzina segituko dute baina ahulenek ez eta lagundu beharko diegu.
 

    Lagun onekin orenak labur !